Mugitzeko hartu beharreko neurriak
Goierritarrek EAEn zehar mugitu ahalko dute astelehenetik aurrera, baina betiere segurtasun neurriak errespetatuz
Goierritarrek Euskal Autonomi Erkidego osoan mugitu ahalko dute astelehenetik aurrera edozein ordutan eta aitzakiarik gabe. Halere, garraiobideetan segurtasun neurriak bete behar dira koronabirusaren kutsadura ekiditeko.
Bi laguneko edukiera duten ibilgailuetan, motorrak kasu, bi lagun joan ahal izango dira. Betiere, eskularruak jantzita eta musukoarekin. Buru osoa estaltzen duen kaskoarekin musukoa ez da beharrezkoa.
Eserlekuen ilara bakarra duten ibilgailuetan, kamioiak eta furgonetak kasu, gehienez bi lagun joan ahalko dira. Elkarren artean ahalik eta tarterik handiena utzi behar da eta musukoa eraman behar da.
Bederatzi lagun arteko ibilgailuetan, kide denak etxe bereko bizilagunak badira eserleku guztiak okupatu ditzakete. Aldiz, etxe desberdinetan bizi badira, ilara bakoitzeko bi lagun joan ahalko dira asko jota eta musukoarekin.
Bederatzi lagun arteko garraio publikoan ilara bakoitzeko gehienez bi lagun joan ahalko dira, gidariarenean izan ezik. Elkarren artean ahalik eta tarterik handiena utzi behar da eta musukoa eraman behar da.
Bederatzi lagunetik gorako garraio publikoan, eserleku guztiak erabili daitezke. Aukera dagoen bitartean distantziak mantendu behar dira, eta musukoa beti erabili behar da. Beti eserita joan behar da, horretarako bereziki prestatutako gune bat ez baldin badu.