Errigoraren olioa eta kontserbak iritsi dira Nafarroatik Goierrira
Koronabirusak eragindako etenaren ondoren, Errigoraren produktuak egunotan iritsi dira Goierrira. Olioa eta kontserba poteak datozen egunetan banatuko dituzte herrietan.
Errigoraren elikagai produktuak iritsi dira Segurako Goardira. Euskalgintza bultzatzen ditu Errigorak, elikadura burujabetza eta Nafarroa hegoaldea oinarri izanik. Gabonetan saskien txanda izaten da, orain goierritarrek eskatutako olioa eta kontserbak batera banatuko dituzte.
Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren barneko ekimena da. Kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eska daitezke auzolanari esker, norbere herrian jasotzeko eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Errigora sortu zenetik dabil lanean bertan Erramun Amundarain ordiziarra. Azaldu du kanpainetatik lortutako dirua Nafarroako euskalgintzarako dela, eta sei urtetan milioi bat euro inguru eskuratu dutela: «Han dagoen premia ikusita ekarpen garrantzitsua da». Koronabirusaren egoera baretuta, olioa eta kontserbak banatuko dituzte: «Bereziki enpeltre olioa erabili dugu», azaldu du Amundarainek. Errigorak egindako lanari esker, lehen lantzen ez zituzten lurrak lantzen hasi dira Nafarroa hegoaldeko baserritarrak: «Olibondoak landatzen hasi dira». 1.013 bidoi banatuko dituzte egunotan, 5.000 litro baino gehiago. Kontserbetan, berriz, 11.708 lote eskatu dituzte goierritarrek.













