Berotze ariketekin hasi dira
Hirugarren fasean sartuta Goierriko kiroldegien irekiera mailakatua izaten ari da. Bueltarako baldintzak baina, ez dira ohikoak. Covid-19aren aurkako kontingentzia planak jarri dituzte martxan kiroldegiek. Segurtasun distantziak eta higiene neurriak bermatzeaz gain, erabiltzaileek ordua hartu behar dute kiroldegira joateko.
Normaltasun berrira gerturatu ahala, etenda egon diren zerbitzu desberdinak ari dira martxa hartzen, pixkana-pixkana. Nahiz eta kirol zentro pribatu gehienak zabalik dauden joan den faseaz geroztik, hirugarren fasean sartuta, hasi dira irekitzen kiroldegi publikoak. Orokorrean, mailakatua izaten ari da itzulera. Iragan astean ireki zuten Ispilla Zumarragan, atzo, berriz, Majori Ordizian eta Antzizar Beasainen, Idiazabalen ere ireki dute gimnasioa eta Urretxuko Aldiriren txanda, etzi, osteguna izango da.
Azpiegitura berriak
Ordiziako Majori kiroldegiak, atzo ireki zituen ateak, eta berrikuntza askorekin gainera. Ez bakarrik koronabirusaren eraginez hartutako ezohiko neurriengatik, baita azpiegitura berrituekin egin dutelako. 2018ko azaroan hasi zituzten obrak, eta hain juxtu, iragan martxoaren 15erako, alarma egoera indarrean sartu zen egun berean, obren lehen fasearen lehen emaitzak, bertatik bertara ezagutzeko guztia prest zuten.
Orain bai, azpiegitura berriak erabili ahalko dira, baina, neurri zorrotzekin eta hala jakinarazi dute Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Joan Ander Caballero kirol zinegotziak eta Odilo Rivela Majoriko kudeatzaileak, Majoriko azpiegitura berriak ezagutzeko bisitan, non Covid-19aren aurkako kontingentzia planaren xehetasunak ere eman zituzten: «Hiru pauso ezberdinduko dira, ahalik eta gehien ekiditeko pilaketak eta segurtasun neurriak errespetatzen direla bermatzeko».
Ireki dituzten guneak dira, gimnasioa, barruko igerilekua, igerilekurako aldagelak, taberna, fisioterapia eta mediku zerbitzuak, kantxak eta zelaiak, terrazak eguzkia hartzeko, eta tenis eta padel pistak.
Ekainaren 22an, kanpoko igerilekua irekitzea aurreikusten dute. Erabilpen horren baldintzak hitzordu bidez aurreikusten dira, baina oraindik ere zehazteko dago, bitarte horretan araudiak eskatutakoak baldintzatu dezakeelako.
Azkeneko pausuan, berriz, ekainaren 29an, Uda kanpainaren hasiera izango da. Talde murriztuak izango dira, segurtasun neurriak bete ahal izateko. Ez dira ohiko jarduerak egingo eta plangintza berezi bat prestatuko dute. Ekaina bukaera-uztaila hasierarako aurreikusi dute saunaren eta baita atletismo pistaren irekiera, baina hauek obren epeen baitan egongo dira.
Espazioak erabili ahal izateko hitzordua aurrez hartu beharko da kiroldegi guztietan. Majoriren kasuan, bi bide daude: telefonoz (943 80 58 80) eta Majoriko App bidez. Hala, gimnasioan makinak erreserbatu ahalko dira. Erabilpenak 50 minutukoak izango dira eta erabilpen batetik besterako denbora desinfektazioa egiteko erabiliko da.
Barruko igerilekuan tarteak 30 minutukoak izango dira eta erabiltzaile bakoitzak bere kalea izango du. 7 kale egongo dira jarrita eta igerileku txikia bitan banatuko da, bizikideentzat
Harrerako zerbitzua egongo da, honako ordutegian: 09:30etik 12:00etara eta 16:30etik 18:00etara. Ordu muga horietan Majoriko bazkideei telefono bidezko arreta egingo zaie eta edozein zalantza ere argituko dute.
Idiazabalgo gimnasio publikoko erabiltzaileek aldez aurreko hitzordua hartzeko, telefonoz egin dezakete 603 721 429 zenbakira deituta edo Whatsappez mezua bidalita. Erabiltzaileek, kontutan hartu beharko dituzte, ezarri dituzten neurri bereziak.
Urretxuko Aldiri kiroldegian, gimnasioa irekiko dute bakarrik. momentuz ez da ikastarorik emango eta erabiltzaileek, txanda eskatu beharko dute.
Antzizarren jende ugari
Beasaingo Antzizar kiroldegian jendearen joan-etorria handia zen arratsaldean. Goizean lasaiago ibili direla diote kiroldegiko langileek, baina lanaldiak amaitzean kirolari ugari hurbildu da. Bereziki, funtzionamendu berriaz galdetzera eta gimnasiora.
Irekiera ez da erabatekoa. Soilik frontoia, gimnasioa eta barruko eta kanpoko igerilekuak daude erabilgarri. Pilaketak ekiditeko hitzordua eskatu behar da aldez aurretik www.antzizar.net webgunearen bitartez edo telefonoz deituta. Bazkide bakoitzak astean hiru ordu erreserbatu ditzake gehienez, baina tokia badago egonaldia luzatzeko aukera dago. Bazkide ez direnek egunean bertan egin behar dute zita.
Pilaketak ekiditeko korridoreetan zirkuitu bat antolatu dute. Sarreraren ezkerraldetik joan behar da igerileku eta gimnasiora, eta beste aldetik irten. Aldagelak erabilgarri daude. Bide osoan musukoa derrigorrezkoa da. Soilik ariketa egiterakoan kendu daiteke eta, betiere, segurtasun tarteak bermatzen badira.
Tarteak handiagoak izateko gimnasioa zabaldu egin dute. Bizikleta estatikoak jarduera gidatuetako gelara lekualdatu dituzte eta, hala, gimnasioan ohi baino leku gehiago dago. Edukiera 54 lagunekoa da. Bakoitzak bi eskuoihal eraman behar ditu eta erabilitako materiala garbitu egin behar du. Halere, 15:00etatik 16:00etara kiroldegia itxi egingo dute profesionalek garbiketa eta desinfekzio lanak egin ditzaten.
Igerilekuan atzo ez zebilen horrenbeste jende, hotz egiten baitzuen kalean bustita egoteko. Udan eskertua izango da, ordea. Edukiera 270 lagunetara mugatu dute eta eremua adin tarteen arabera banatu dute: familiak irteera ondoko gunean eta gainerakoak futbol zelai alboan.