Inprentetan lan berri gutxi dute
Inguruko enpresetako jarduera etenda, inprentek lan gutxi dute. Udaletxeetako eta kultur ekintzetako inprenta lanak ere bertan behera gelditu dira, eta ez zaie lan berririk sartu.
Inprentetan lan karga gutxitu da koronabirusa dela eta. Itxialdian lanean jarraitu badute ere, eskaera asko bertan behera geratu dira, eta enpresentzako egiten dituzten lanak urriagoak dira. Bestalde, kultur ekintzak ere bertan behera gelditu direnez, horietarako kartel eta eskuorrien eskaerarik ez dago.
Beasaingo Eguzki inprentako Marijo arduradunak azaldutakoaren arabera, enpresak pixkanaka martxan hasi diren arren oraindik itxialdiaren eragina nabari da: «Oraindik geldo doa, gaur beste bezero batek deitu du baina printzipioz ahul samar gabiltza», adierazi du.
Denda eta inprenta
Enpresentzako lanez gain, fotokopiak eta momentuko inprimaketak ere egiten dituzte Eguzkin. Herritarrak normaltasunez ari dira, baina salmentek behera egin dute. Internet bidezko lanak egin direnez, papera ez da lehentasuna izan hilabeteotan: «Jendea normal dabil, maskararekin, baina lana gutxitu da, eta enpresak ireki dituzte baina denak erdipurdi daude».
Urretxuko Eprint enpresan ere papergintza dute inprenta industrialaz gain. Eli Armenteros arduradunak azaldu du bi enpresa desberdin direla, baina berdinek kudeatzen dutela. Etxealdia ezarri zutenean, denda itxita izan zuten, baina lanean jarraitu zuten barruan, ateak itxita. Egun batetik bestera aldatu zenez egoera, egiteke zituzten lanak bukatzeko eman zuten itxialdiko epea. Halere, aurretik kontrataturiko lan horiek bukatuta, lan gutxi izan dute: «Itxialdia baino lehen bageneukan lan karga, baina eskaera berririk ez da sartu».
Enpresen geldialdia
Denda irekita dagoen eta martxan jarraitzen duen arren, koronabirusaren egoerak eragin handia izan du negozioan: «Gauzak sartzen dira, baina gauzatxo txikiak dira», esan du Eli Armenterosek. Gainera, enpresetako jarduna murrizteaz gain, kultur ekintzak sustatzeko egin ohi zituzten lanak ez dituzte egingo: «Enpresek produkzioa jaitsita ba enpresentzako ohiko lana jaitsi da, eta aktibitate kulturala ere bertan behera gelditu denez, horretan ere zero», adierazi du Urretxuko Eprinteko arduradunak.
Izan dute koronabirusarekin erlazionaturiko lanik ere: «Segurtasun neurriak azaltzeko kartel asko egin ditugu, baina azken finean lan sendoena nahiko geldirik dago». Armenterosek adierazi du herritarren eta lankideen artean ezjakintasunak eragindako «beldurra» oraindik badagoela: «Ez dakizu noraino doan hau eta nola joango den suspertzen egoera ekonomikoa». Bitartean, maskara eta gel hidroalkoholikoa erabilita ariko dira lanean, lan berriak iristeko zain.
Gutxi batzuk lanean
Eprinteko bezeroetako bat Zumarragako Ospitalea da. Ospitaletan osasun larrialdian etengabe lanean aritu direnez, bertatik eskaera batzuk izan dituzte. Horrez gain, enpresa gutxi batzuek ere ez dute etenaldirik izan: «Mein, Plasnor edo Ilargi, esaterako, ez dira gelditu, eta izan dugu lanen bat».
Komertzialak ere etxetik aritu dira lanean. Armenterosek azaldutakoaren arabera,komertzialentzako txartelak eta esku orriak ere bertan behera gelditu dira, baina pixkanaka hasiko dira bisitak egiten eta, ondorioz, Eprinten lana ere handituko da: «Halere, oso gutxinaka izango da».
Instituzio publikoak
Ordiziako Aralar Grafikak inprimategiko Aitor Garin arduradunak ere adierazi du aktibitatea asko jaitsi dela. Dena den, gutxinaka egoera aldatzen ari dela dio: «Pixkanaka nabari da nahiz eta gauzak geldi egon mugitzen ari dela, baina kostatzen ari zaio». Enpresa arloan egiten dute lan Aralar Grafikaken gehienbat: «Nabari da mekanismoa gelditu dela, eta gure lanaren %95 enpresekin da». Udalak eta instituzio publikoak ere bezeroak dira. Egoera honetan, inprentetan erabiltzeko dirua murriztu dute: «Horietako lan batzuk bertan behera gelditu dira, diru faltagatik edo beste gauza batzuetarako erabiltzen delako orain», azaldu du Garinek. Koronabirusarekin erlazionaturiko lanen bat ere egin dute: «Covid19arekin lotutako kartelak egon dira, baina gutxi, ez dugu lan esanguratsurik edo garrantzitsurik eduki». Komertzialen bisitak asko jaitsi direla nabarmendu du Garinek: «Ia ez daude, eta enpresetara joateko garaian ere segurtasun neurriak jarraitu behar dira». Horri lotuta, Garinek esan du neurriek harremanetan ere izan dutela eraginik: «Erlazioak azkenean hotzagoak dira».
Espazio eta distantzia aldetik arazorik ez dutenez, neurriek ez diete lana oztopatzen inprentetako langileei. Baina egoera ekonomikoak eragin handia izan du inprentetan ere. Enpresek eta instituzio publikoek martxa hartzen duten heinean lan gehiago izatea espero dute, baina motel doa oraingoz.