Toberako ikasleen ikasturte amaierako kontzertuak
Ekainaren 22tik 30era ikasturte bukaerako kontzertuak sarean egingo dituzte Tobera Musika Eskolako ikasleek. Ikasturtea bukatzeko balorazio bilerak, berriz, aurrez aurrekoak izango dira, segurtasun neurri guztiekin.
Mutiloko, Segurako, Zegamako eta Zeraingo Tobera musika eta dantza eskolak Internetez egingo ditu ikasturte amaierako kontzertuak, ekainaren 22tik 30era, «musika-eskolaren sare sozialetan, Youtubeko kanalean, Goierri Telebistan eta beste hainbat modutan», ikasleek jotako 27 abesti argitaratuko dituzte. Musika eskolako arduradunek azaldu dutenez, «betiko euskal kantak, errepertorio klasikoko piezak, berri-berriak diren doinuak… joko dituzte ikasleek, dantza eginez, abestuz, gorputz-perkusioz nahiz musika-tresnak erabilita».
Koronabirusa dela eta, eskola presentzialik eman gabe dihardu Toberak, martxoaren 13az geroztik. Hori dela eta, musika eskolarentzat “erronka izan da abesti hauek guztiak ikasleekin prestatzea”. Ikasturte amaierako kontzertua “jaialdi formatutik aldenduta” antolatu behar izan dute. Maila bukaerako diploma-azterketak ere, irailera atzeratu dituzte.
Bilerak, aurrez aurre
Aurrez aurre egingo direnak, “ikasturtea ixteko balorazio bilerak” izango direla azaldu dute. Ikasleekin eta familiekin egiten diren bilera horiek, ekainaren 24tik aurrera izango dira, eta bide batez, 3. ebaluazioko noten txostena banatzeko ere erabiliko dute. “Segurtasun, higiene eta osasun-neurri zorrotzekin” egingo dira bilera horiek. Hala, bilerak egingo diren espazioak propio garbitu eta desinfektatuko dira, musukoa erabili beharko da, sartzerakoan nahiz irteterakoan eskuak garbitu beharko dituzte ikasleek eta senitartekoek, eta distantzia-tarteak zaindu beharko dira uneoro. Bilera horietarako erabilitako protokoloa, 2020/2021 ikasturteko jokabidearen aurrekari izango dela ere aurreratu dute.
Ikasturte berriari irailean ekingo diote. “Aurrez aurre ahal bezainbeste” egingo dutela diote, baina “telematikoki aritu behar izateko ere” prest egongo direla. Ikasleek 260 matrikula inguru egin dituzte datorren ikasturterako, eta hori, “Aizkorpe bailarako herritarrek herrigintzarekiko eta musikarekiko duten konpromiso tinkoaren adierazgarri” dela uste du musika eskolak.