Jaiak hastekoak ziren
Segurako San Joan jaiei hasiera eman zieten duela 15 urte. Zaldibian Muruari eta Galarragari harrera egin zieten. Ugaro eskolakoek osasun zentroan margolanak jarri zituzten
Gaur duela 15 urte, 2005eko ekainaren 17an, festetan sartzekoak ziren segurarrak. Ostirala zen, eta San Joan festen lehenengo eguna ospatu behar zuten Seguran. Jai nagusiak hurrengo asteburuan hasi baziren ere, ostiral horretan eman zioten hasiera egitarau oparoari.
Ostiraletik hasita, hainbat ekitaldi egin zituzten asteburuan. Tabernariek dantzaldiak antolatu zituzten plazan, eta bolatokian bola eta toka txapelketa jokatu zuten. Baina dantza txapelketa izan zen protagonista nagusia: XXIX. Euskal Herriko dantza txapelketa jokatu zen Baratze pilotalekuan. Joseba Apaolaza eta Irati Imaz aramarrek eta Xabier Azurmendi eta Janire Urbieta zegamarrek hartu zuten parte.
Bestalde, udalak proposatutako lana aurkeztu zuen Joxe Mari Telleria margolari segurarrak: Txanbolinpe eraikineko beheko horman egindako mural koloretsua, plaza alboan. Bost aste eman zituen lana ontzen.
Harrera Zaldibian
Kepa Murua eta Juan Manuel Galarraga herritarrei ongi etorri ekitaldia egin zien Zaldibiako herriak duela 15 urte. Harrera ofiziala udaletxean egin zieten. Ondoren, pilota partidak jokatu ziren, trikitilariek festa girotu zuten arratsaldean eta gauean herri afaria antolatu zuten 250 lagunentzat. Euskal Herriko Nortasun Agiriaren erabilera ere aldarrikatu zuten.
Margolanak osasun etxean
Legorretako Ugaro herri ikastetxeko haurrek margolanak ikusgai jarri zituzten Osasun Zentroan. Legorretako Udalak egindako eskaera izan zen osasun etxea alaitzeko margoak egitea.
Erakusketa inauguratzeko ekitaldi bat ere egin zuten, herriko dantzarien eta txistularien partaidetzarekin.