Auto saltokiak motorra piztuta
Auto berrien kontzesionarioak ari dira pixkanaka pultsua hartzen, bi hilabete itxita egon ondoren. Oro har, espero baino mugimendu gehiago sumatu dute itzuleran.
Erakusketa-aretoan dagoen auto berri bati zapiarekin distira ateratzen ari da Goierriko saltoki bateko langilea. Bazkalondoko lehen orduan, oraindik bezerorik ez dabil ikusmiran edo prezio galdezka. Aurretik pasatzen den errepide nagusian, ordea, etengabea da ibilgailuen joan-etorria. Zirkulazioa berriro aktibatu da, eta auto baten bizialdia hasten den lehen geralekurako, kontzesionarioetarako, itxaropena da hori. Koronabirusagatik bi hilabete geldirik eta itxita egon ondoren, maiatzaren 11n berrekin zioten saltzeari berriz; eta uste baino hobeto, hasi ere.
«Irekita daramagun denbora hau oso ondo doa. Hilabete on batean adina saldu dugu. Egia da, baita ere, jendea ez dela kopuruz hainbeste etorri, baina etorri dena erostuna izan da. Saltokian sartzen direnen eta horietatik erostera iristen direnen ratioak neurtzen dizkigute, eta normalean baino askoz altuagoa izan da. Gogo gehiagorekin eta erosteko ideiarekin itzuli da jendea», azaldu du Beasaingo Autowag saltokiko salmenta buru Igor Aranburuk.
Hainbat faktorek izan dezakete eragina autoa erosteko bizitasun horretan. «Hilabetetan geldi egon gara, eta buruari buelta emateko eta pentsatzeko aukera gehiago», bota du lehena Aranburuk. Besteak, pragmatikoagoak dira: «Telebistan eskaintza onak daudela eta estokajea daukagula esaten ari dira, eta horrek bultzatuta etorri dira asko».
‘Renove’ planen abarora
Ibigailuen erosmena berpizteko gobernuek sortu dituzten Renove plangintzek ere badute zerikusia. Eusko Jaurlaritzak eskaini zuen lehenengo berea, eta, duela hamar-bat egun, Espainiako Gobernuak. «Gorakada txiki bat» ekarri dute kontzesionarioetara laguntza-politika horiek ere.
«Eusko Jaurlaritzaren Renovea bagenuen, baina, gauzak diren bezala, oso kotxe gutxi sartzen dira hor. Espainiako Gobernuarenean, gehiago. Azken astean nabaritu da», dio Aranburuk.
Eta Goierrin bakarrik ez. Hego Euskal Herriko beste hiriburu eta eskualde batzuetan ere antzekoa da joera, Autowageko salmenta buruak argitu duenez: «Beste saltzaile batzuekin hitz egin dugu egunotan. Iruñean eta Donostian ere gauza bera esaten dute, hilabete ona izan dutela. Gure markan [Volkswagen] behintzat».
Oraindik abiada hartu gabe
Martxoaren erditik maiatzaren erdira, bi hilabete egon dira auto saltokiak eta tailerrak itxita, larrialdietarako zerbitzu minimoak salbu. Aldi baterako lan erregulaziora, langabeziara, joan dira autogintzako langileak. Orain, uste baino erritmo bizkorragoan hasi diren arren, oraindik denetan ez dute berreskuratu erritmo normala. Zenbait lantokitan jardunaldi erdian ari dira, Ordiziako Txindoki Citroen saltokian, adibidez. «Merkatuak ez dakizu nola erantzungo duen, eta laguntzak baliatu beharra dago. ERTEan bazaude, ezin zara irten eta gero berriro sartu», azaldu du Miren Aiestaran gerenteak.
Baikor dago Aiestaran, eta «mugimendua» sumatu du azken asteetan kontzesionarioan. «Mugitzen ari da, nik uste nuen geldoago joango zela. Etorri eta prezioak galdetzen ari da jendea. Gobernuaren laguntzek ere asko eragiten dute. Jendea mugimenduan baldin badabil, horrek esan nahi du bakarren bat beti sartzen dela. Egoera eta kezka lasaiatzen ari den seinale».
Eza erabatekoa izan den arotik itzulita, zertxobait ere asko da, eta aldarte positibo horri eutsi nahi diote saltokiek. «Animoarekin gaude, eta jendea ere baietz uste dut. Gure eskualdean enpresak eusten ari dira, eta katea da hau», gehitu du Aiestaranek. Hala ere, itxaropenak ez du errealitatea estaltzen: «Salmententan urtea galdutzat bezala hartzen dugu jada».
Autowageko Aranburuk, denboran luzatuko dela uste du baikortasun orokorra; uda garaian bai, adibidez: «Uztailean, abuztuan eta irailean mugimendua edukiko dugula espero dugu. Perspektibak onak dira. Jendea gogoarekin etorri da, eta harritu gara. Beldur gehiago egongo zela uste genuen».
Renove laguntzak tarteko, hala eta guztiz, benetako egoera «dopatuta bezala» dagoela jakitun da Aranburu. «Urtea pixka bat makillatzeko eta bi hilabetean saldu ez ditugun kotxeak saltzeko balioko ahal du».
Urteko salmentak %40 jaitsiko direla aurreikusi dute
Irauli erraldoia eman beharko du auto berrien salmentak 2020. urtea jaitsiera zalapartatsu batekin ez bukatzeko. Koronabirusaren geldialdia erabatekoa izan da bi hilabetean sektorean, eta gutxiengo historikora beheratu da salmenta.
2012ko iraila zen, orain arte, salmenta-erregistroa daudenetik hilabeterik txarrena. BEZa igo zien auto berriei Espainiako Gobernuak orduan, eta erosketak aurreratu zituzten erosleek. Estatu osoan 35.148 ibilgailu saldu ziren. Bada, urruti geratu da kopuru hura. Aurtengo apirilean %97 erori ziren salmentak, eta 6.833 ibilgailu matrikulatu ziren soilik. Martxoan 45.566 (bidaiarienak 37.644), eta maiatzean 43.831 (%70eko jaitsiera, aurreko urteko hilabeteekin alderatuta).