Beasaingo EH Bilduk igerilekuko tarifak egoera berrira egokitzea eskatu du
Koalizioak herriko zerbitzu guztiak herritar guztientzat eskuragarri egon behar dutela nabarmendu du. Informazioa ezkutatu dietela salatu dute
Beasaingo EH Bilduk igerilekuko tarifak egokitzeko eskatu dio udalari. Eskaintzen den zerbitzuaren eta prezioaren arteko oreka “apurtu” egin dela diote: “Nola ulertu daiteke egoera honetan kanpoko igerilekuko eta kiroldegiko tarifak lehengo berdinak izatea? 11,20 euroko sarrera ordaindu beharko du bazkidea ez den herritar heldu orok nahi duenean joan ezin denean, gehienez lau ordu egon daitekeenean, aldageletarako eta dutxetarako aukerarik gabe, barruko igerilekuetara akzesorik gabe… Egoera honek eskatzen dituen protokolo guztiak aplikatu behar direla partekatzen dugu, baina tarifak ere eskaintzen den zerbitzuaren arabera egokitu behar dira”.
EH Bilduren ustez gaiak hiru adar ditu: herritarren segurtasuna, eskaintzen den zerbitzua eta prezioa. “Egoerak ahalmentzen duen zerbitzu seguruena, duinena eta justuena eskaini behar diegu herritarrei”. Zin egin dute aurrerantzean “herriko zerbitzu guztiak herritar guztientzat eskuragarriak izan daitezen” lanean jarraituko dutela.
Udalaren aldebakarrekotasuna salatu dute. “Egunak eman ditugu instalakuntza hauek irekitzeko beharrezkoak diren protokoloak eskatzen. Oraingoan ere kale, web orrian eta sare sozialetara lehenago iritsi da gure eskuetara baino”. Udal Gobernuari elkarlanik nahi ez izatea leporatu diote eta “hainbatetan aldarrikatzen duten gardentasuna ere hankaz gora erortzen ari da azkenaldian”, kexatu dira.