Bikuña kiroldegiko irekiera bi fasetan egingo dute
Lehenengo fasean gimnasioa eta padeleko kantxak irekiko dituzte. Hurrengo asteartean izango da, ekainaren 23an. Bigarren fasean, berriz, uztailaren 1ean, solariuma eta igerilekua irekiko dituzte.
Legazpiko Bikuña kiroldegia ekainaren 23an irekiko dute. Kiroldegian bertan egin dute prentsaurrekoa irekiera nola izango den aurkezteko Iñigo Imaz kirol zinegotziak eta Pello Garmendia kirol teknikariak. Bi fasetan banatu dute normaltasun berrirako plana.
Alde batetik, ekainaren 23an gimnasioa eta padel kantxak irekiko dituzte. Gimnasioan gehienez 20 lagun sartuko dira; ariketa kardiobaskularra egiteko eremuan (zinta, bizikleta, eliptika eta abar) 16 eta pisu ariketako eremuan (halterak, barra, polea) 4 pertsona. Aldez aurretik izena eman beharko dute bazkideek Legazpiko Udalaren webgunean, gehienez hiru egun lehenago, eta ordu eta laurden izango dute kirola egiteko. 9:15etan hasiko da lehen txanda, eta 19:00etan azkena. Amaitzean, erabiltzaile bakoitzak erabilitako material guztia desinfektatu beharko du kiroldegiak jarritako produktuekin. Padel kantxetan, berriz, gehienez 4 pertsona sartuko dira aurretik izena emanda, eta jokalari bakoitzaren identifikazioa eskatuko dute eskaera egitean.
Bestalde, bigarren fasean igerilekua eta solariuma zabalduko dituzte, uztailaren 1ean, baina soilik eguraldi ona egiten duenean; euria ari badu itxi egingo dituzte. Igerileku handian 25 lagun egongo dira asko jota, eta txikian 15. Bi orduko txandak izango dira; uretan egoteko ordu laurden izango dute bazkideek gehienez, eta 40 pertsonako txandak egingo dituzte. 11:00etan izango da lehena, eta 18:30ean azkena. Dutxek itxita jarraituko dute eta aldagelak ez erabiltzea gomendatu dute.
Jarduera guztietarako eskatu behar dute hitzordua bazkideek udalaren webgunean, gehienez hiru egun lehenago.