Epizentrotik gertu egonagatik, kasu gutxi
Thailandian 3.135 kasu atzeman ditu gobernuak. Iker Alustiza beasaindarrak azaldu du etxeratze agindua izan dutela gauez eta alkohola erostea debekatu dutela hilabete hauetan.
Thailandiak Txinarekin mugarik ez du egiten, baina oso gertu daude bata bestetik. Halere, 3.135 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte herrialdeko agintariek. Horietatik 58 hildako izan dira. 67.793.000 biztanleko herrialdea izanik, ez da zifra altua. Konfinamendurik ez dute izan, baina debekatuta egon da gauean ateratzea.
Iker Alustiza Antelo (Beasain, 1995) goierritarra Bangkoken bizi da. Lau urte daramatza bertan. Unibertsitateko ikasle-truke programa batekin joan zen bederatzi hilabeterako, baina egoitza Mungian duen Arteche enpresan lana aurkitu eta bertan geratzea erabaki zuen. Ingeniaritza elektronikoa ikasi du.
Datuen zehaztasuna
Lehenengo koronabirus kasu positiboa Thailandian urtarrilean atzeman zuten. Txinatik kanpo atzeman zuten lehena izan zen. Horregatik, eta Txinatik gertu dagoen herrialdea dela kontuan izanda, aurreikusi zutena baino kasu positibo gutxiago izan dituztela azaldu du Alustizak: «Iragarpenen aurka joan da Thailandia, hasieran Asia mailan kasu gehienetariko herrialdea izango zela zioten eta».
Dena dela, ez da guztiz fio datuez: «Azkenean informazioa ez da inoiz zehatza izan; datuek 3.135 diote baina gehiago dira». Gehitu du herrialdeko iparraldeko hainbat probintziatan ez dutela ia kasurik atzeman, eta baliabideekin lotu du hori: «Nik uste badituztela, baina baliabide gutxiago dituzte eta ez dira ospitalera joan».
Izan ere, ospitaleko kasuak besterik ez dituzte zenbatu, kasu larrienak soilik, denentzako testak ez dituztelako egin. Etxean geratu dira koronabirusa izan zezaketenak baina jakin ez dutenak. Hori dela eta, herritarrak etxean geratu dira ezjakintasunari aurre egiteko: «Thailandiarra bera etxean saiatu da egoten». Lehendabiziko kasua urtarrilean atzeman bazuten ere, martxoan izan zen lehenengo hildakoa: «Martxotik aurrera zehaztu zituzten datuak batik bat;Txinatik hain gertu egonda, oso arraroa da, nik uste gobernuak beste alde batera begiratu duela», esan du Alustizak.
Gobernu militarra
Monarkia konstituzional demokratikoan oinarritzen da sistema politikoa, eta lehen ministroa da estatuko burua. 2014an militarrek estatu kolpea eman zuten herrialdean, eta diktadura ezarri zuten. Prayut Chan-o-cha militarrak hartu zuen kargua, eta bost urteren ostean, 2019an, hauteskundeak egin zituzten. Hauteskunde horien zilegitasuna zalantzan jarri du Alustizak: «Demokratikoak zirela esan zuten, baina hasi baino lehen ere gobernuak, partidu militarrak, botoen %25 zeukan».
Itxialdia, gauez
Euskal Herrian ezarri zutenaren antzerako konfinamendurik ez dute izan Thailandian. Gauez, ordea, debekatua izan dute kalera ateratzea. Etxeratze agindua ezarri zuen gobernuak gaueko 22:00etatik goizeko 04:00etara: «Ordu horretan lo zaude eta, beraz, ez digu horrenbeste eragin».
Zinemak, eskolak edota kirol instalakuntzak itxita egon dira. Pixkanaka irekiko dituzte; etxeratze agindua joan den astelehenean kendu zuten, baina tabernek itxita jarraitzen dute. Jatetxeetan, aldiz, etxera eramateko janaria prestatu dute batik bat hilabeteotan. Merkatuetan, aldiz, maskara eta gel hidroalkoholikoa erabili dituzte herritarrek erosketak egiterakoan. Bestalde, beasaindarrak azaldu du koronabirus kasu guztiak osasun publikoan artatu dituztela: «Gobernuak hartu zuen neurrietako bat izan zen kasu guztiak ospitale publikora bideratu behar zirela».
Neurrien ondorioetako bat ere, hainbat lekutan bezala, telelana izan da: «Nik oraindik etxetik lanean jarraitzen dut, bulegoetako gehienak hemen etxetik egin dugu». Dendetan edo bestelako lokaletan sartzeko, gainera, sukarra hartzen dute: «Tenperatura neurtzen dizute derrigor, bestela ez dizute sartzen uzten».
Alkohola bueltan
Neurri horiez gain, arau berezi bat ezarri du Thailandiako gobernuak: alkohola debekatu du hiru hilabetez. Dagoeneko, halere, neurri hori ere baztertu dute eta alkohola eros daiteke. Jatetxeetan, aldiz, oraindik ezin da alkoholik edan. Alustizaren arabera, thailandiarrek apirilean ospatzen duten festa batekin zerikusirik izan dezake: «Songkran urteberri thailandiarra da apirilean, eta alkohol asko izaten da». Horrela, edari horiek debekatuta, jendea elkartu eta festa egitea ekiditu nahi izan dute: «Apirilean kasu asko egon zirenez, horren aurka egiteko debekatu zutela uste dut nik».
Pixkanaka normaltasun berrira itzuliko dira thailandiarrak. Kasu gutxi dauden arren, ezjakintasun egoera nabari dela esan du Alustizak. Oraingoz, larrialdi egoera ekain bukaera arte luzatu du Thailandiako gobernuak, eta beste estatuekiko mugek itxita jarraituko dute.