Eusko Jaurlaritzak alarma egoera gauerdian indargabetuko du
Lehendakariak ohartarazi du «ezer ez dela itxialdia ezarri baino lehen bezala» izango. Pandemiaren bilakaera «oso ona» da, baina birusak gure artean jarraituko duela eta berarekin bizitzen ikasi behar dela diote.
Alarma egoera gauerdian amaituko da, aurreikusi baino hiru egun lehenago. «Bai, alarma egoera amaitzeko prest nago», aitortu zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak herenegun. Berak du azken hitza, baina erabakia kontseilariekin adostu nahi du. Horretarako, gaur goizean sailburuek batzarra egingo dute. Ezustekorik ezean, bileran hartutako erabakia biharko Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratuko da eta ikusgai jartzen den unean bertan indargabetuko da hirugarren fasea, eta berarekin alarma egoera.
Ez pentsa bizitza lehengoratuko denik. «Ezer ez da konfinamendua ezarri baino lehen bezala izango», ohartarazi zuen lehendakariak. Gizartearen gehiengoak txertoa hartu arte gaixotzeko arriskua erreala da eta, ondorioz, musukoak derrigorrezkoak izango dira, metro eta erdiko segurtasun tartea mantendu beharko da eta prebentzio neurriak ezarri beharko dira lantokietan, hezkuntza zentroetan, merkataritza guneetan… Lehendakariak ez zuen normaltasun berriaren inguruko xehetasun gehiagorik eman. «Garrantzitsuena birusa gurekin bizi dela onartzea da, eta harekin bizitzea», azpimarratu zuen. Kasuak gertatuko direla onartu zuen baina azkar kontrolatzeko baliabideak daudela gaineratu zuen. «Maskara jantzita milaka herritar dabiltza, baina aurrerantzean beste beste milaka herritarrek ere janztea lortu behar dugu, besteekiko elkartasunagatik bada ere».
Urkulluk dio alarma egoera indargabetzeko erabakia «osasun irizpideetan» oinarritutakoa dela. Izan ere, Nekane Murga Osasun Sailburuak pandemiaren bilakaera «oso ona» dela baietztatu du. Are gehiago, Urkulluren esanetan Espainiako Osasun Ministerioak Eusko Jaurlaritza zoriondu du, «pandemiaren garapenaren inguruko datu onengatik».
Goierrin kasu positibo bakarra egon da ekainean. Ia hilabete kasurik gabe egon ostean, pasa den larunbatean PCR proban positibo eman zuen ordiziar batek. Denera, 317 goierritarri erasan die birusak. Gehiengoak gainditu du edo bidean da baina, zoritxarrez, 48k bizia galdu dute.
Zumarragako ospitalean koronabirusak jotako gaixo bakarra dago. Urruti gelditzen dira martxoaren 31n eta apirilaren 1ean izandako 20 ospitaleratuak. Halere, maiatzaren 19tik 27ra bitartean eta ekainaren 10etik 13ra ez zen koronabirusaren erruz ospitaleratutako gaixorik egon eskualdean. Zumarragako ZIUn ez da sekula koronabirusak jotako gaixorik sartu.
Zahar etxeak, salbu
Goierriko zahar etxeetan ez dago kasu aktiborik. Hilabete baino gehiago da Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen eskualdeko sei zahar etxeetan ez dela kasurik atzeman. Are gehiago, Legazpiko Santa Kruz, Lazkaoko Txindoki eta Segurako San Juan zahar etxeetan ez da koronabirus kasurik baieztatu.