Udaberriko produktu berri ugari
Leka, berenjena, india-mahatsa, japoniar mizpira, aran gorria eta aran basa aukeran izan dira Ordiziako Azokan. Gainean dugun udan iragarle dira udaberri azkeneko produktu horiek.
Badira barazki eta bereziki fruta batzuk oso iraupen laburrekoak, atzo nobedade izan ziren horiek esate baterako, eta gainera, oso kantitate txikia saldu ohi da azokan. India-mahatsa, mugurdia, etxeko masustak (12 euro kiloa) edota aran basa (1 euro kiloa) dira horietako batzuk.
Aspaldi ikusi gabeko japoniar mizpira (8 euro kiloa) ere bazuen atzo Aramako Arantxa Zurutuzak. Beraz oraintxe jan beharrekoak dira. Lehen aran gorriak Itsasokoak M.Jesus Oriak 3 euroan kiloa, urte ona bada gehixeago iraungo dute merkatuan mota ezberdinak ere badirelako. Beste muturrean legoke sagarra, joan zen astean aipatzen genuen bezala, urte guztian garaian garaiko hemengo sagarra izan genezake.
Barazkiei dagokionez ere antzera, batzuk ia urte guztian izan genitzake gure baratzean, negutegiak lagun errazago; hala nola porrua, zerba, borraja, aza mota ezberdinak, erremolatxa, azenarioak ere luze irauten dute. Momentu berean ikus daiteke baratzean garatzen utzitako borraja loretan eta hazitik etorritako landare berria indartzen esate baterako.
Aldiz askoz iraupen mugatuagoa dute tomatea, piperra, kuiatxoa eta atzo nobedade izan ziren berenjenak (3 euroan kiloa) eta lekak (4,5 euroan kiloa). Udakoak dira eguzkia eta beroa behar dute. Urte guztian ikus ditzakegu salgai baina ez gure baratzetakoak, kanpotik inguratuak baizik. Lehen horiek Zeraingo Mendarteko Iñaki Intxaustik ekarri zituen. Piper mota berri bat ere bai, italiarra (4 euroan kiloa) Montesenekoen postuan lehenbizikoak.
Goiko larretan artaldeak
Arkume garaia pasa da. Artzainen lan erritmoa lasaitzen hasiko da, nahiz ere oraindik ere gazta egiten jarraituko duten. Goiko larretara artaldeak eramateko ohitura dutenak ia hartu dute suenak behintzat, Aralarren edo Azkorpen ardiak ikus daitezke ia.
Denboraldia berezia joan da, biltzailerik ez, eta arkumea saltzeko punttu-punttuan. Larsabin dauden artzainek nahikoa baldintza onetan saltzea lortu dutela baieztatu digute, hilabete batean hitzartua baino gutxiago ordaindu izan bazaie ere, gerora berreskuratu zuten denboraldi hasieran adostu zen prezioa.