Autobusak, esku frenoa botata
Autobus konpainiek martxotik ekainera bitartean mugimendu handia izaten dute, baina aurten garajean gordeta egon dira. Udari ere ez diote itxaropentsu begiratzen.
Eskatu ahalako autobus konpainiei negua luzea egin zaie. Are gehiago, udarik ez dutela izango sinetsita daude. Ondorioz, kalte ekonomiko larriak pairatzen ari dira. Goierri Bus eta Goierrialdea autobus konpainiak aldi baterako enplegu erregulazioan sartuta daude eta berehalakoan irtetea zail ikusten dute. «Irailera arte ez dugu ohiko lan kargarik izango», diote bi konpainietako arduradunek.
Udaberria lan askoko garaia izaten da, eta dena galdu dute. Eguraldi onarekin batera ezkontzak, sagardotegiak, ikasturte amaierako bidaiak, kirol jarduerak…. hasten dira eta lanez gainezka ibiltzen dira. Orain guzti hori galdu dute eta enpresetako joan-etorriarekin gelditu dira. «Aste barruan hiru autobus mugitzen ditugu CAFeko eta Gureakeko langileekin. Asteburuetan ez dugu bidai bakar bat ere egiten», azaldu du Antton Aranburu Goierrialdeako kudeatzaileak. Udan, berriz, bidai luzeagoak egiten dituzte, baina horiek ere galdutzat jotzen dituzte. «Noizean behin inork eskatzen du aurrekonturen bat baina ez dago mugimendu askorik. Normaltasun berriaren atarian egon arren guk itxialdian bezala jarraitzen dugu», osatu du Jaione Garate Goierri Bus konpainiako kudeatzaileak.
Autobusak geldi dituzte alarma egoera ezarri zenetik. «Ez digute lan egitea debekatu, baina inora ezin zenez joan eskaririk ez genuen», azaldu du Garatek. «Hiru enpresekin egiten dugu lan, langileak garraiatzen. Bi oinarrizko jarduera izendatu zituzten eta horiekin jarraitu dugu lanean, baina bestelakoan erabat gelditu gara», gaineratu du. Aranburuk ere irakurketa bera egin du: «Hirugarren batzuekin egiten dugu lan, bezeroekin. Lan egin ahal izateko protokolo guztiak bete arren eskaririk ez badugu, ezin dugu lanik egin». Autobusak garajean egonda ez dute inolako diru sarrerarik.
Gastuak, ordea, mantendu egiten dira: autobusen aseguruak, esaterako. «Autobusak, zerbitzurik eskaini edo ez, segurua eduki behar dute. Eta ez da merkea», azpimarratu du Garatek. «Seguruek diote hobariak izango ditugula, baina oraindik ez dugu halakorik ikusi», salatu du. Gainera, azterketak sarri egin behar zaizkie legez. Zaharrenei sei hilabetean behin eta berrienei urtebetean. Alarma egoeran epeak izoztu egin ziren, baina berriz ere indarrean dira eta errepidera irteteko ibilgailuen azterketa teknikoa gaindituta behar dute. Horrenbeste denbora geldi egotea txarra da ibilgailuentzat, motorra, gurpilak, olioa… kaltetu egiten direlako erabili ezean. Azkenik, argiaren, gasaren, udal tasen… fakturak ere ez dira eten.
Zuloa horren handia ez izateko aldi baterako enplegu erregulazioan sartu dira eta laguntzak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari. «Eskatu ahalako autobus konpainiek ez ditugu lineako zerbitzua eskaintzen duten konpainien laguntzak. Administrazio publikoarekin egindako hitzarmenak betetzeko eskatzen dugu. Esaterako, eskola publikoetako haurren garraioaren ordainsaria jaso nahi dugu zerbitzu osoa eskaini ez den arren», dio Garatek. «Zerbitzua ezinbestean utzi behar izan genuen bertan behera. Ez zen gure errua eta diru hori behar dugu aurrera egiteko», arrazoitu du.
Protokoloak, ezarrita
Bidaiak segurtasun osoz egiteko prest daude. «Gainerako garraiobideei jarritako protokolo bera ezarri digute guri eta egokitu gara», aurreratu du Aranburuk. Egun ibilgailuen edukieraren %100na dago erabilgarri nahiz eta aukera baldin badago elkarren arteko segurtasun distantziak mantendu behar dira. Edozein kasutan musukoa jantzita eraman behar da eta autobusera igo aurretik eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea gomendatzen da.
Gidarien segurtasuna bermatzeko Garatek dio pentsatu dutela itxiturak jartzea, baina ez dira erosoak. «Gaur egungo autobus gehienek ez dute gidariaren aterik», arrazoitu du. «Itxitura jarriko bagenio atea duena izan beharko luke eta ez zen horren erraza. Nahiago izan dugu aurreko eserlekuak ez erabilgarri jarri lekua egiteko». Lasaitasun mezua helarazi dute eta bidaiatzea segurua dela azpimarratu.
Protestak Donostian eta Gasteizen
Eskatu ahalako autobus konpainiekAutobusak arriskuan lelopean protestak antolatu dituzte bai Donostian eta bai Gasteizen. Ekainaren 10ean Donostiako kaleak gurutzatu zituzten dozenaka autobusek sektorea hauspotzeko laguntzak eskatzeko. Gaur zortzi protestak Gasteizera eramango dituzte, Lakuaraino, Eusko Jaurlaritzari eskariak zuzenean egiteko.
Autobus konpainiek administrazio publikoarekin hitzartutako zerbitzuen ordainsaria eskatzen dute. Laguntza osagarriak ere eskatzen dituzte. «Ahaztuta» gelditu direla kexatzen dira eta turismo eta garraio sektoreak biziberritzeko diru laguntzetan eurentzako partida berezirik ez dagoela salatzen dute.