«Batzuk gomendagarria ez dena probatzen dute beldurragatik»
Ordiziako Osasun Zentroan egiten du lan Sebas Gartziarenak. Azken hilabeteetan koronabirusaren inguruan sortu diren zurrumurruen bueltan aritu da.
Martxoaren erdialdean, koronabirusa gai berria zen herritarrentzat. Harrezkero hiru hilabete igaro dira. Oraindik zalantzak somatzen dituzue herritarren artean?
Izurria eboluzionatzen doan heinean, jarraibideak aldatzen joan dira; egunez egun, astez aste, ikasten ari gara. Medikuntzan lan egiten dugunontzat ere ikasbidea izaten ari da hau guztia. Eta noski, aste batetik bestera jarraibideak aldatu direnean, guk geuk ere zalantzaren bat edo beste izan dugu, beraz, herritarrentzat zer esanik ez.
Oraindik ere, koronabirusaren inguruan zalantzak dituenik bada, eta beraz ez dago soberan, horrelako hitzaldiak antolatzea.
Hitzaldian koronabirusaren, Sars-CoV-2 eta Covid-19aren artean dauden desberdintasunen inguruan hitz egin zenuten. Lehen arretan horrelako galderak egiten dizunik bada?
Bai, badago bai. Argitzen saiatzen gara, gizakiongan eta hainbat animaliengan infekzioak sor ditzakeen birus familia handi bat dela koronabirusa. Sars-Cov-2, pandemia eragin digun koronabirus konkretuari deritzaiola. eta Covid-19, hainbat sintoma eragiten dituen gaixotasuna dela. Sukarra, eztula, eztarriko mina, usainen galera, beherakoak eta arazo digestiboak izan dituenik ere bada.
Zurrumurru ugari zabaldu da osasun krisia hasi zenetik. Zeintzuk dira gezurtatu beharrekoak?
Zalantza asko sortu duen beste gai bat seropositibo izate horrek sortu du. Jendeak galdetu digu asko, seropositibo izateak koronabirusa izatea esan nahi duen. Pertsona horiei adierazten zaie, lehenengo eta behin, koronabirusa duten detektatzeko, PCR proba egin behar dela. Zertan datza? Ba komunikabide askotan ere ikusi ahal izan dugun moduan, torunda baten bidez eztarritik edo nasofaringetik lagin bat hartzean datza, eta ondoren mikrobiologiara bidaltzen da. Bertan, material genetikoa ateratzen dute. Eta jakiten da, birusik dagoen edo negatiboa den.
Seroprebalentziaz hitz egiten dugunean, gizakiaren gorputzean sartzen denean birus bat, gorputza defenditu egiten da. Nola? Antigorputzak sortuz. Bi motatako antigorputzak daude: IgM eta IgG. Aurrenekoak, sintomak hasi eta bizpahiru egunetan sortzen hasten dira eta bigarrenak, beranduxeago. IgG hauek gorputzean denbora gehiago irauten dute. Esaten denean, seropositiboa naiz, antigorputzak positiboak direla esan nahi du.
Osasun Ministeritza ikerketa egiten ari da seroprebalentziaren inguruan, ala?
Bai, komunitatearen defentsak nola dauden ezagutzeko. Ordiziak ere parte hartzen du ikerketa horretan eta 40 kasuetatik 4 positibo atera dira. Horrek esan nahi du, %10a izango dela seropositiboa. Gipuzkoako datuek behera egiten dute, ikerketaren arabera %2,8a da defentsak dituen biztanleria.
Portzentaia oso txiki da hori. Kezkagarria da?
Bai, portzentaia txikia da. Euskadi mailan ere, %4 eta %5aren artean dago. Ikerketa hau hasi zutenean, uste zen, komunitateak defentsak izango zituela, baina datuek kontrakoa erakusten dute. Uste baino jende gutxiago dago inmunizatuta.
Uste baino jende gutxiago kutsatu da? Kutsatuta ere ez ditugu antigorputzak sortzen? Zer ari da gertatzen?
Behin birus bat gorputzean sartzen denean eta eta infekzio bat sortzen duenean, automatikoki gorputzak defentsak ateratzen ditu. Esan nahi duena da, ikerketarako aukeratu den heritarrek ez dutela sintomarik izan edo ez direla birus baten aurrean egon.
Ordizian, 90 inguru positibo kasu egon dira. Kontuan hartuta Ordiziak zenbat biztanle dituen, portzentaia oso txikia da.
Zabaldu diren zurrumurruen artean, gaixotasuna sendatzeko hainbat truko esan dira. Zer esan dezakezu horien inguruan?
Koronabirusaren gai hau berria da guztiontzat eta batzuk gomendagarria ez dena probatzen dute beldurragatik. Jende askok pentsatzen du, baldin badakigu, koronabirusaren proteina 50 gradutik gora desnaturalizatu egiten dela, lurrun bero-beroak arnastuta kontra egingo diola koronabirusari. Horrelako praktikekin kalteak baino ez dizkiogu egiten gure gorputzari, kasu horretan, erredurak sortuz. Horrelakoekin, kontu handia izan behar dugu, eta esandakoa, adibide bat baino ez da, beste asko entzun baititugu.
Nik esan dezakedana da iturri ofizialetara jotzea dela zentzuzkoena, haiek emandako jarraibideak baitira ez kutsatzeko eta gaixotasunaren aurka egin dezakegun gauzarik eraginkorrena.
Hori bai, benetan ahaztu ezin ditugun neurriak dira, pertsonen arteko distantziak zaintzea, maskara janztea eta eskuak maiztasunez garbitzea.