«Hortik aurrera joanak», bueltan
Gabirian 1936ko gerran ibilitakoei omenaldia egingo die udalak, bihar. Liburu bat eta ikus-entzunezko bat ere aurkeztuko dute, gai berari buruz. 110 lagun joan ziren herritik
Gabirian oroimen historikoa berreskuratzeko eta balioesteko beste ariketa bat egingo dute, bihar. 1936ko gerran ibili ziren herritarren gomutan, udalak omenaldia prestatu du. Oroigarri bana oparituko diete guduan ibilitakoen ondorengoei edo senitartekoei, etxe bakoitzeko bana emanez. Bestetik, Goazen gabiriar danok liburua eta ikus-entzunezkoa aurkeztu dituzte.
Gerra piztu zela uztailean 84 urte beteko diren arren, bizi-bizirik segitzen du Gabirian haren oihartzunak. Gerrako borroka-lerroa bi hilabetean egon zen, uztailetik irailaren 17an frankisten tropek herria hartu zuten arte. Egun hartan, Ardantza gainean 112-115 gabiriar elkartu ziren udalerriak 860 bizilagun zituen, gazteak gehienak, eta borrokara ihes egin zuten. «Hortik aurrera joandakoak» ziren.
Zumarragara lehenbizi, biharamunean kontraerasoa jotzeko. Ia herriraino iritsi ziren berriz, miliziano errepublikazaleen eta Eibartik bidalitako zutabeen laguntzarekin. Bizkairaino atzeratu behar izan ziren berehala.
Gudari artean, Amaiur
Gabiriatik alde egin zuten gehienak Euskal Armadan sartu ziren. Asko, 48 herritar, Amaiur batailoian enkuadratu zituzten, Gernikan eratu zutenean. Denera 80 bat gudari izan ziren, eta horietatik 14 hil ziren frentean. Francoren armadan zebiltzanak, beste lau hil ziren, eta bi gehiago gerraren ondorioz.
Sei urteko ikerketa Goazen gabiriar danok liburuan jaso da. 400 orrialdetan barrena, kontakizun nagusiak 30 urteko epea jorratzen du, 1922tik 1952ra, gerra aurreko diktadura, Errepublika, gerra garaia, eta frankismoaren ezarpena jorratzeko.
Bestetik, izenburu bereko ikus-entzunezkoa ere ekoitzi da, ordubeteko iraupenekoa. Hogei herritarri jasotako testigantzen bideoak ageri dira, eta herritarrek iazko urrian grabatutako errekreazio historikoaren irudiak. 70 lagunek parte hartu zuten grabaketetan, Gabirian eta Elgetako Intxorta mendian.
Dohaintza bat
Ekitaldia borobiltzeko, Joseba Dieguez bizkaitarrak mendian aurkitutako pieza bitxi bat udalari emango dio, dohaintzan.
Liburua eta dokumentala (pen-drive euskarrian) batera salduko dira, 20 euroan.
1936KO GERRA GABIRIAN
Noiz. Bihar, zapatua, 12:00etan.
Non. Gabiriako eliza-atarian.
Aurkezpena. ‘Goazen gabiriar danok’ liburua eta ikuskaria, Aimar Maiz eta Gattiken egileek. Liburuaren salmenta (20 euro).
Omenaldia. 1936ko gerrara joan ziren gabiriarren senitartekoei oroigarria emango die udalak.
Dohaintza. Joseba Dieguezek gabiriarren gerra-objektu batzuk emango dizkio udalari.