Itzuli dira musika kontzertuak Goierrira; gaur, Beasainen
Hiru hilabete pasa dira etxetik kanpoko zuzeneko ekintza kulturalik gabe. Mikel Markez izango da gaur Beasaingo Igartzan, Igartza Musika Online Programaren barruan. Datorren ostiralean Matildak joko du Ordizian.
Musika ere itzuli da Goierrira. Etenaldiaren ostean, bi kontzertu izango dituzte ikusgai goierritarrek Beasainen eta Ordizian. Gaur Mikel Markezek Biribilean bere azken lana aurkeztuko du Igartzako jauregian, 22:00etan. Datorren ostiralean Matilda taldearen txanda izango da. Majori plazan eskainiko du kontzertua.
Igartza Musika online Programaren barruan kokatu du Beasaingo Udalak abeslari oreretarraren emanaldia. Doakoa izango da kontzertua, baina segurtasun neurriak betetze aldera, ikusle kopurua mugatua izango da. Sarrera aldez aurretik hartzeko Beasaingo Udalaren webgunean test txiki bat bete beharko dute interesdunek. Bestalde, kontzertua Beasaingo Youtube kanalean jarriko dute ikusgai, Goierri Telebistaren bitartez.
Matilda Majorin
Datorren astean, berriz, Ordiziara itzuliko da musika, Ordiziarrock Ekintzaren eskutik. Matilda bikotea Majori plazan ariko da. Hori ere doakoa izango da, eta plazak mugatuko dituzte honetan ere. 19:00etan hasiko da. Kontzertu hasieran eta bukaeran, gainera, Monky Manek DJ saioa eskaini eta festa girotuko du. Segurtasun neurriak betetzeko eserita izango da. Antolakuntzak azaldu du plazako perimetroa hesituko dutela, bi sarrera jarriko dituztela eta barran jendea pilatu ez dadin edariak QR kodearen bidez eskatuko dituztela herritarrek.
Osasun larrialdia hasi zenean Ordiziarrock Ekintzak taldeak bertan behera utzi zuen lehenengo kontzertua izan zen Matilda. D’Elikatuzen zuten egitekoa martxoaren 13an, alarma egoera ezarri baino pare bat egun lehenago. Hiru hilabete kaleko ekintzarik egin gabe pasa ondoren, gogotsu agertu dira antolatzaileak: «Kontzertu gogo handiarekin gaude, eta neurriak beteta normaltasun antzeko batera iristeko ere bai».
Beraz, pixkanaka bada ere, zuzeneko ekintza kulturalek martxa hartu dute. Aurrena, Markez, eta hurrengo astean, Matilda.