'Goazen gabiriar danok' liburuaren aurkezpena
Ekitaldian, liburua eta dokumentala aurkezteaz gain, 1936ko gerran ibilitako gabiriarrak omendu dituzte
Goazen gabiriar danok liburua eta ikus-entzunezkoa aurkeztu dituzte gaur Gabirian. Liburu hau Aimar Maiz Goierriko Hitzako kazetariak idatzi du eta dokumentala Gattiken enpresak egin du. Liburua 1936ko gerrari buruzkoa da eta ekitaldian gerran ibili ziren herritarrak omendu dituzte. Oroigarri bana oparitu diete guduan ibilitakoen ondorengoei edo senitartekoei.
Hasteko, liburua eta dokumentala aurkeztu dituzte. Mahaian Maiz, Gattikeneko Alex Areizaga eta Oier Oiarbide alkatea eseri dira. Oiarbidek Maizek “lan eskerga” egin duela esan du. Liburua “elegantea” dela gehitu du.
Maizek lan hau egitearen arrazoiak azaldu ditu. “Gerran Gabiria zerbait izan zen eta gabiriarrek zerbait egin zuten. Herritar haien oroimena berreskuratu dugu: zein ziren, zer egin zuten, zergatik joan ziren gerrara, herria nola gelditu zen, nor jipoitu eta zigortu zuten… 1936ko uztailetik irailera frontea Gabirian egon zen. Errepublikarrek hemen antolatu zuten defentsa lerroa. Milizianoak etorri ziren eta bertako abertzaleek gidatuta borrokatu zuten”.
Ondoren, 110-115 gabiriarrek (gehienak gazteak) herritik alde egin behar izan zuten. Kontuan izan behar da garai hartan Gabiriak 800-900 biztanle zituela. Alde egin zuten gehienak gudari ibili ziren. Amaiur bataloi ospetsuaren sustraietako bat Gabiria da. Izan ere, 48 gabiriar Amaiurren aritu ziren. 80-90 gabiriar borrokatu ziren gudan. 14 gudan hil ziren, lau preso hartu ondoren eta bi gerraren ondorioz (batak istripua izan zuen Ormaiztegiko zubia berreraikitzen ari zela eta bestea anarkistek afusilatu zuten Bartzelonan).
Maizek oroitu beharra dagoela esan zuen. “Errespetuagatik. Nonbaitetik gatozelako. Gure aurrekoek zer eta nola egin zuten jakitea komeni zaigulako”.
Liburuak 400 orrialde ditu eta dokumentala ordu beteko iraupena. Maizek lehenago ere gabiriarrek gerra garaian egin zutena ohoratzeko lanak egin direla gogoratu du: herriko bi elkarteetan dauden koadroak, Ardantzako oroigarria, Amaiur batailoikoen kamisetak, Makilari aldizkariko elkarrizketak eta artikuluak, Mikel Aizpuruk egindako lanak… Orain ere lanak egiten ari direla aipatu du. Desagertutako gudarien gorpuzkiak aurkitu eta herriratzeko ekimena, adibidez.
Liburua eta dokumentala 1936ko gerraren inguruan gehiago egin zitekeela uste zutelako egin dituzte. “Bazegoelako gaia, batetik; merezi zutelako, bestetik. Herria bitan hautsi zen 1936an, baina batasun harrigarriz, kemen miragarriz eta konpromiso neurrigabez erantzun zioten gabiriarrek trantze historikoari eta eraso faxistari. Euskal Herrian zehar ere, Gabiriako erantzun hori erreferentetzat hartu izan da. Adibidez, Amaiur batailoikoen argazkia, jada mitiko bihurtu dena”.
Gaur aurkeztu den lana 2014an hasi zuten. “Gaiarekiko gure irrika eta jakin-mina, aspaldikoagoa da. Bizitza erdia daramagu materiala biltzen. Memoria historikoa artean zen zen ere ez genekienetik. Aranburura joan eta Antonio eta Bixenta elkarrizketatu genituen Aitor Azpiazuk eta biok, duela 20 bat urte, lehen aldiz”. Hiru gudari elkarrizketatu zituzten: Aranburuko Antonio, Urrutiko Santi eta Etxetxoko Genaro.
Bere hitzaldia amaitzeko, Maizek udalari, aldundiari, Gogora institutuari, herritarrei, errekreazio historikoan parte hartu zutenei, etxekoei, lagundu dioten guztiei eta informanteei eskerrak eman dizkie. Bereziki, azken hauei. “Mina partekatu duzue, baina zauriak sendatzeko ezinbestekoa da hori. Eta, batez ere, gizalege irakaspena, gizatasun erraldoia eta lehenengo lerroan herri hau jartzeko sena partekatu dituzue. Gerra zital hura piztu eta mantendu zutenei lezio bikaina emanez, 84 urte geroago ere”.
Areizagak dokumentalaz hitz egin du. Bertan, gerra aurreko egoera, borrokatzera zerk bultzatu zituen, fronteko istorioak, herrian gelditu zirenen sufrimendua… jaso dituzte. “Dokumentala liburuaren osagarria da. Aimarrek sekulako lana egin du”, aipatu du.
Ondoren, Joseba Dieguez bizkaitarrak mendian aurkitutako metalezko plater bat udalari eman dio. Plater hau Urduñako San Pedro mendian aurkitu zuen eta Pedro Markina gudari gabiriarrarena zen. Alkateak eskerrak eman zizkion eta ohorezko toki batean jarriko dutela esan zuen.
Bukatzeko, gudarien ondorengoei oroigarriak eman zizkieten eta liburua salgai jarri zuten. Bertaratutako askok eta askok egileari eskaintza idazteko eskatu zioten.