Kiroldegiaren txanda iritsi da
Gaur ireki dituzte Bikuña kiroldegiko gimnasioa eta futbol zelai ondoko padel pista. Solariuma eta igerilekuak, uztailean. Hainbat ikastaro ere jarriko dira martxan
Udal zerbitzuak normaltasun berrira egokitzen hasiak dira Legazpin eta aste honetan, kirol arloak eman du pausoa. Gaur bertan ireki dute Bikuña kiroldegia hiru hilabetez itxita egon eta gero, baina momentuz gimnasioa eta padel kantxak bakarrik daude erabilgarri. Uztailean solariuma eta bi igerilekuak ere irekiko dituzte eta hainbat ikastaro jarriko dituzte martxan. Iñigo Imaz kirol zinegotziak eta Pello Garmendia kirol teknikariak eman dituzte argibideak.
Gimnasioa eta padel pista
Legazpiko kirol instalazioak bi fasetan irekiko dira. Lehen fasea gaur hasi da, kiroldegiko gimnasioa edo fitness gela eta padel kantxak irekita, eta bigarrena, uztailaren 1ean hasiko da, solariumarekin eta bi igerilekuekin. Bi kasuetan, instalazioak abonatuek bakarrik erabili ahal izango dituzte, aurrez txanda hartuta, legazpi.eus/kirolataria/ webgunean.
Segurtasun baldintzak bermatzeko, gimnasioan edukiera murriztu egin dute 20 lagunera. Horietatik 16 gune kardiobaskularrean sartuko dira, hau da, korrika egiteko zintak, bizikletak edo eliptikak dauden gunean. Beste lau pertsonak pisu libreko gunean ibiliko dira, mankuerna, polea, barra edo bankuekin. Aldagelak irekita egongo dira, baina ez erabiltzea gomendatzen dute, eta dutxak ezin dira erabili. Zazpi txanda ezarri dituzte, ordu eta laurdenekoak. Lehena 09:15ean hasten da, eta azkena 19:00etan.
Padel kantxa bakoitzean, berriz, lau pertsona ibili daitezke batera.
Igerilekuak, uztailean
Uztailaren 1ean bigarren faseari ekingo diote, eta solariuma eta bi igerilekuak irekiko dituzte. Solariuma izango da erreferentzia, eta igerilekuak, osagarriak. Hala, kiroldegiaren ondoko zelaia 2×1 metroko 80 eremutan banatuko dute, eta handik bakarrik sartu ahal izango da igerilekuetara; handian 25 igerilari sartuko dira batera 15 minutuko txandan, eta txikian beste 15. Euria egiten duenean ez da solariuma irekiko, ezta igerilekuak ere.
Solariuma erabiltzeko ere txandak jarri dituzte, bi ordukoak, 11:00etan hasiko da lehena eta 18:30ean azkena, eta txanda bakoitzaren tartean 30 minutu utziko dituzte. Erreserbak egin beharko dira aurrez.
Igerileku handia, bestalde, igeriketa taldearen entrenamenduetarako irekiko dute 09:00etatik 10:30era.
Arduraz jokatzeko eskaria
Programazio honen argibideak emateaz gain, Imazek eta Garmendiak uztailean hainbat ikastaro martxan jartzeko asmoa dutela ere aurreratu zuten.
Amaitzeko, kirol instalazioak ireki dituztela eta kirola modu seguruan praktikatzeko aukera eta baliabideak jarri dituztela esan zuten, eta erabiltzaileei «arduraz jokatzea» tokatzen zaiela.