Bi hamarkada nagusien ondoan
Legazpiko Nagusilan elkarteak 20 urte egingo ditu hilaren amaieran. Taldearen hasieran ibilitako boluntarioetako batzuk lanean jarraitzen dute oraindik, eta berriak ere iristen dira.
Hogei urtekoa ez da ibilbide makala boluntario elkarte batentzat, eta ez da makala ere urte horien guztien buruan taldea hasieran baino indartsuago egotea eta boluntario gehiago izatea. Horixe da Legazpiko Nagusilan elkartearen kasua.
Bi hamarkada hauetan guztietan 200dik gora legazpiarrek egin dute lan Nagusilanekin, Santikutz egoitzan, eguneko zentroan, Garagunen, Tipi Tapa ibilaldietan edo etxe partikularretan adineko jendeari laguntzen eta konpainia egiten. Maria Jesus Abanda eta Rosario Espina hasiera-hasieratik daude elkartean. Maite Ugalde eta Maribel Zumarraga berriagoak dira zeregin horietan. Laurek dute zer kontatu.
Buztintegik bultzatuta
Rosario Espinak 76 urte ditu eta Nagusilanekin 20 badaramatza ere, lau urte lehenagotik egiten zuen boluntario lana adinekoekin, «orduko Buztintegi jubilatuen eta pentsionisten elkarteko zuzendaritza taldekoak ginen, zazpi lagun», gogoratzen du. Ordurako Nagusilan sortuta zegoen, baina Buztintegikoak 2000 urteko ekainean batu ziren elkartera, 20 boluntariorekin (15 gizonezko eta 5 emakumezko).
Hasierako urte haietan Santikutz egoitzara joaten ziren, zentroa mesedetako mojek zeramaten garaian, eta Sandra animatzaile soziokulturalaren lagun- tzarekin lehenengo eta Iratirekin gero, «aitona-amonekin jolastu egiten genuen, dantzatu, paseora joaten ginen, irteerak egiten genituen Zarautzera, Donostiara estropadak ikustera, Arantzazura…». Egoitzak berak ordaintzen zuen guztia.
Gero, egoitzaren kudeaketa enpresa batek hartu zuenean, gauzak aldatu egin zirela dio, eta hainbat jarduera murriztu egin zituztela, «bisitarientzako eta guretzako ordutegia zorrotzagoa da, irteerak egiteari utzi zitzaion ia…». Orduko egoiliarrak gaur egungoak baina osasun baldintza hobeagoan zeudela ere kontuan hartu behar dela aipatu du, «lehen autonomoagoak ziren, gaur jende asko gurpildun aulkian dago». Orain ez du lehen bezala lan egiten Espinak Nagusilanekin, baina lotura mantentzen du elkartearekin.
Maria Jesus Abanda ere Buztintegikoa zen, eta Espinarekin batera hasi zen adineko pertsonekin lanean, aurretik Gurutze Gorrian 14 urteetan egindako boluntario lanak emandako esperientzia baliatuta. Gaur 81 urte ditu, eta aktiboan dago oraindik.
Garai batean ekintza gehiago egiten zirela gogoan du Abandak, ia egunero joaten ziren egoitzara, baita larunbatetan ere. Europan zehar boluntarioek adinekoekin egiten zuten lana eza- gutzeko Buztintegiko kideek egin zuten bidaia ere ez du ahazteko; foru aldundiak finantzatu zien, «hemen lan gehiago egiten genuela ikusi genuen».
Boluntario lana «gustukoa» du Abandak, baina adinekoekin lan egiteko prestakuntza jasotzea ezinbestekoa dela dio; Nagusilanek etengabe ematen die boluntario lan hori egiteko formakuntza eta jarraibideak.
Zilarrezko harian
Maribel Zumarragak denbora gutxi darama Nagusilanen, lan egiteari utzi zionean sartu zen elkartean, iazko irailean, «lagundu egin nahi nuen». Eta laguntzeko aukera izan du tarte labur honetan. Koronabirusa iritsi aurretik, egoitzara joaten zen, astean behin bingo saioetan laguntzera, baita Garagunera ere, eta Tipi Tapan ere parte hartzen zuen. Baina koronabirusarekin jarduera guztiak eten egin zituzten, eta orduan Zilarrezko Haria telefono bidezko laguntasun zerbitzuan hasi zen lanean, etxeetan bakarrik dauden adinekoei deitu eta berriketalditxoak eskainiz. Telefono bidezko hiru lagun egin ditu horrela.
Zilarrezko Harian egiten du lan Maite Ugaldek ere. Jubilatutakoan boluntario gisa lan egin nahi zuela eta, iazko otsailean jarri zen harremanetan Nagusilanekin. Irakaslea zen lanbidez, eta berak aipatu duen bezala, «haurrak zaintzetik aitona-amonak zaintzera pasa naiz». Egoitzara joaten zen, bingoan laguntzera, irteera batzuetan ere parte hartu zuen, eta konfinamendua hastearekin batera, etxean bakarrik daudenei telefono deiak egiten hasi zen. Gustura dabilela aitortzen du.
Ospakizunak atzeratu egin ditu Nagusilanek
2000ko ekainaren 30ean hasi zuen ibilbidea Nagusilan-Legazpik. Aurtengo ekainean 20. urteurrena ospatzeko asmoa zuen, baina Covid-19ak eragindako ezohiko egoeran, planak aldatu eta ospakizunak irailera atzeratzea erabaki du. Zehazteke dituzte ekitaldiak, baina 20 urteko ibilbidean taldekide izan dituzten 200dik gora legazpiarrak gogoratuko dituzte, batez ere «bidean geratu direnak».
Gaur egun, Nagusilan-Legazpin 44 emakumezkok eta 14 gizonezkok dihardute lanean, euren egitekoa «bakarrik dauden pertsonei laguntzea da». Jarduera nagusia egoitzan, eguneko zentroan, Garagunen edo etxeetan garatzen dute, jolasekin, kantuekin, paseoekin edo ikus-entzunezkoen proiekzioekin.
Zilarrezko Haria telefono zerbitzua ere eskaintzen dute. Horrez gain, Elikagaien Bankuan, Tipi-Tapan, Legazpi Lagunkoian, Agenda 2030ean eta Gizarte Foroan ere parte hartzen dute.
Nagusilan-Legazpi, azkenik, astean bi ordu libre izan eta besteei laguntzeko prest dauden pertsonen bila dabil etengabe (668 553 694 edo nagulegazpi@gmail.com).