CAFek kontratu berriak lotu ditu Italian, Herbeheretan eta Suedian
Amsterdam eta Stockholm hirietarako tranbiak eta Napoleserako metro unitateak hornitzeko kontratuak lortu ditu CAFek egunotan. Hiru kontratuen balio metatua 100 milioi euro ingurukoa izango da.
Koronabirusak eragindako egoerak ekonomian izango duen eraginaren gaineko kezka ez da erabat uxatu. Hala ere, CAFek datozen hilabeteei begira arnasa hartzeko moduko hiru kontratu lotu ditu aste honetan. Amsterdam eta Stockholm hirietarako tranbiak eta Napoleserako tranbiak hornituko ditu, eta hiru kontratu horien artean, 100 milioi euro inguruko negozio bolumena lortu du.
Italiako Napoles hirirako 10 metro unitate eta 3 urteko mantentze lanak egiteko kontratua da hiru horietan lehena. Joan den ostiralean lotu zuten, Campania eskualdeko Ente Autonomo Volturno operadorearekin. Napoles hiriaren metro sareko Piscinola-Aversa linean ariko dira unitate horiek.
Bigarrena, Herbeheretako hiriburuko GVB Activa BV enpresa publikoarekin lotu dute. Amsterdamerako 63 tranbia unitate egiten ari da CAF gaur egun, eta orain, beste 9 egiteko eskaria jaso dute. Kontratuak jasotzen duenez, enpresa horrek CAFi tren gehiago eskatzeko aukera ere izango du aurrerantzean.
Azkenik, Suediako Storstockholms Lokaltrafik enpresarekin, Stockholm hiriko tranbiak honitzeko proiektuaren beste zabalkuntza bat sinatu du. Hamar unitate berri egingo ditu CAFek, lehendik Suediako hiribururako egindakoei batuko zaizkienak. Izan ere, 2010. urtetik ari da CAF Stocholmerako tranbia unitateak egiten, eta hasierako eskari hark, hainbat zabalpen izan ditu urteotan zehar.