GI-2637 errepidean lanak hasi ditu Aldundiak, Zegaman
Sei hilabeteko iraupena izango dute lanek, eta ia 1,4 milioi euroko aurrekontua dute.
Gipuzkoako Foru Aldundia GI-2637 errepidea hobetzeko obrak egiten hasi da. Kortaberriko biribilgunetik Zegamako Ondaraldea industrialdera doan bidean egingo dituzte lanak. 1.373.673 euroko aurrekontua dute obrek eta sei hilabeteko egikaritze epea.
1,25 kilometroko tartea hobetuko dute. Obra hori amaituta, hiru metroko bi erreiko eta 0,50 metroko bazterbideetako errepidea lotuko da. Obrak egiteko errei mozketak egingo dituzte tarte horretan, eta semaforo eta seinaleen bidez kudeatuko dute trafikoa. Astelehenean hasi zituzten lanak, eta abenduaren 22a baino lehen amaitzea aurreikusi dute.