Haurrak parkeetara itzuli dira
Itxita jarraitzen zuten Goierriko azken parkeak egunotan zabaldu dituzte. Pilaketak sor daitezkeela iritzita, ez dira erabilgarri egon alarma egoera amaitu arte. Beharra zegoela azaldu dute gurasoek.

Jolas parkeak eta haurrak berriz elkartu dira, eta parkeek berreskuratu dute euren izaera zaratatsua, mugitua eta jendetsua. Koronabirusa zabaltzeko gune arriskutsuenetariko bat izan zitezkeela iritzita ehun egun inguru egon dira itxita. Murrizte neurriak baliogabetuta, zigilatuta zeuden azken parkeak zabaldu eta jada kalean jolasean zebiltzan haurrak zabuetara, txirristetara eta kulunketara itzuli dira.
Haurrek pozik hartu dute irekiera. Etxean horrenbeste egun igaro ostean kalera irteteko eta mugitzeko gogoa dute. Lagun artean eta jolasean bada, askoz hobeto. «Sekulako beharra zuten», dio Nagore Perezek. «Alboan bizi gara eta kalera irteten garen guztietan gelditzen gara», osatu du Maria Jose Olazabalek. «Uste dut beranduegi zabaldu dituztela. Beste dena zabalik zegoen eta haurrak kalean zebiltzan», gaineratu du Olazabalek.
Goierrin ehun bat jolas parke daude. Ataun, Ordizia eta Segurako parkeak, esaterako, aurreko astean zabaldu zituzten eta gainerakoak asteburuan. Zumarragan itxita jarraitzen dute. «Irekiera koordinatuagoa izan behar zen. Batzuk itxita egonda pilaketak errazago sortzen dira», azpimarratu du Alexia Martinek. Gainera, gurasoak kexu dira lehen egunetan parkeak ez zeudela behar bezala garbituta.
Guraso gehienek hartu dituzte segurtasun neurri bereziak. Esaterako, denak joaten dira gel hidroalkoholikoarekin parkera. «Jolasean dabiltzala ezinezkoa da dena kontrolatzea eta dena ukitzen dute. Seguruago sentitzen gara sarri eskuak garbitzen baditugu», dio Martinek. Halere, Perezek bezala, ez dute gaixotzeko beldurrik. «Kezka beti duzu. Gaixotasuna hor dago, baina haurrek jolastu eta elkarren artean harremanak izateko beharra ere badute». Haatik, saiatzen dira jende pilaketak ekiditen. «Jende asko dabilela ikusten badugu geroago etortzen gara. Denontzako hobe».
Haurren artean koronabirusak eragin txikia du. Euskal Autonomi Erkidegoan atzemandako koronabirus kasuen %1ak baino gutxiagok zituen hamar urte baino gutxiago. Arazoa pilaketetan dago, haurren atzetik gurasoak edo aitona-amonak etortzen direlako. Agintariek segurtasun distantziak mantendu behar direla gogorarazi dute eta bermatu ezin denean 6 urtetik gorakoek musukoa derrigor eraman behar dutela aire librean egon arren.
Kasu bat gehiago
Osasun Sailak Goierrin beste koronabirus kasu bat baieztatu zuen atzokoan. Zehazki, Ordizian. Eskualdeko azken positiboa ere bertan baieztatu zen, duela 11 egun. Zumarragako Ospitalean gaitzak jotako bi gaixo daude; bat bera ere ez ZIUn.