Neurri guztiak hartuta, martxan da udaleku zerbitzua Beasainen
Udaleku irekietan 284 haurrek eman dute izena. Espazio irekiak lehenetsiko dituzte. Igartzako zelaian futbol kanpusa antolatu du Beasain kirol elkarteak

Uda hastearekin batera, udalekuak ere martxan hasi dira. Aurten, halere, udaleku bereziak izango dituzte haurrek osasun krisia dela eta. Goierriko hainb at herritan antolatu dituzte udaleku irekiak. Beasainen, Txilibutxof aisi taldea udalarekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean ari da umeek udan jolastu eta ikasteko aukera ere izan dezaten. Bestalde, Beasaingo Kirol Elkarteak ere futbol kanpusa antolatu du udarako.
Astelehenean eman zieten hasiera udalekuei. Joan den astean garbiketa, desinfekzio eta txukuntze lanak egin zituzten Murumendi ikastetxean, Alkartasuna Lizeoan eta Urbieta etxeko Txilibutxof elkartearen egoitzan dena prest egon zedin. Besteak beste, taldeak osatzeko kopuruak zehaztu zituzten: 5 haurrekin begirale bana egongo da.
Ia 300 haur
Beasaingo Udalak, Txilibutxof elkarteak eta herriko ikastetxeetako guraso elkarteek antolatutako udaleku irekietan 284 umek eman dute izena, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 3 eta 12 urte bitartekoek. Hilabete eta gutxiko iraupena izango dute, ekainaren 22tik uztailaren 31 arte, eta hiru txandatan banatuko dituzte. Udalak hedabideei helarazitako ohar batean azaldutakoaren arabera, etxeko lanak eta etxetik kanpokoak uztartzeko bidea ere izango dira udalekuak aurtengo egoera dela eta.
Alkartasuna Lizeoko, Andramendi Ikastolako, La Salle ikastetxeko eta Murumendi eskolako Haur eta Lehen Hezkuntzako guraso elkarteekin hasi zuen elkarlana duela urtebete udalak: «Lankidetza horretatik eratorri da udaleku irekiak antolatzeko egitasmoa behar zehatz bati erantzunez», azaldu dute oharrean. Ikasturtea amaituta, «herriko ikastetxeetako hezkuntza-komunitateak elkartzea, behar komunak aztertzea eta horiei erantzuna ematen saiatzea» dute helburu.
Irene Kortabarria Txilibutxofeko begirale eta Haur Hezkuntzako koordinatzaileak azaldu du hasieran urduritasuna izan zela nagusi: «Ez genekien oso ondo nola izango zen, baina lehenengo eguna pasata hobeto gabiltza». Eskulanak, jolasak edo txangoak egingo dituzte datozen egunetan izena eman duten haurrek: «Egunero kanpora ateratzen saiatzen gara neurriak ez direlako hain zorrotzak espazio irekietan», azaldu du.
Partekatzerik ez
Covid-19aren hedapenaren aurkako neurriak direla eta, lana zaildu dela dio Kortabarriak. Neurrien ondorioetako bat materialak ezin partekatzea izan da: «Ezin dugu kaxa bat eduki denek bertatik har dezaten, eta orduan bakoitzak bere pinturak izan behar ditu». Jostailuak ere ezin dituzte erabili: «Dena konplikatu da pilo bat». Erabiltzen dituzten elementuak desinfektatu behar dituzte bukatzean: «Atzo ur jolasak egin genituen eta amaieran baldeak eta pistolak garbitu genituen».
Kirola aukeran
Txilibutxofeko haurrez gain, badago kirola lehenetsi duenik. Beasaingo Kirol Elkarteak futbol teknifikazio kanpusa jarri du abian. Unai Zurutuza koordinatzaile eta begiraleak azaldu du 120 haur inguru dituztela: «Oraingo neurriengatik bi zelaitan gaude; 60 batean eta 60 bestean». Begirale bakoitzak, gehienez, 14 ume ditu. Hiru txanda egingo dituzte aurten, bi asteko iraupenarekin. Lehenengoa uztailaren 3a arte izango da, bigarrena uztailaren 6tik 17ra eta hirugarrena uztailaren 20tik 31ra bitartean.
Lehenengoan 121 haurrek eman dute izena, baina bigarren eta hirugarren txandetan izen ematea baxuagoa izan da: «Iaz lehenengoan 117 izan ziren, eta hurrengo asteetan 80; aurten, berriz, 40 izango dira». Izan ere, haur askok udalekuak txandatzen dituzte: «Beste udaleku batzuetara edo oporretara doaz».
Futbolean aritzeaz aparte, bestelako jarduerak ere egiten dituzte. Zurutuzak azaldu du kooperazioa sustatzen saiatzen direla: «Ekipo bat dela ikusi behar dute, eta bakoitza bere aldetik badoa ez dagoela emaitza onik». Atzo, esaterako, begirale galduaren bila jolasa egin zuten elkarlan hori bultzatzeko. Kirola egin arren, begiraleek maskararekin egiten dute lan: «Ariketa azaltzeko agian urrundu eta azalpenak ematen ditugu, baina partidetan ere maskararekin aritzen gara», esan du Zurutuzak. Eskularrurik ez dute erabiltzen, baina protokoloaren arabera bi orduz behin eskuak desinfektatu behar dituzte begirale zein haurrek.
Zurutuzak jakinarazi du aurtengo egoera dela eta udalak udaleku eskaintza zabaltzeko eskatu ziela: «Urte berezia denez, esfortzua egin eta umeei laguntza hori eskaintzea eskatu ziguten, aurten ere jende askok ezingo du oporretara joan». Espazio irekiak bilatuko dituzte batik bat jardueretako.
Azkeneko txandan izena emateko epea zabalik dago
Beasaingo Udalak Txilibutxof aisialdi elkartearekin eta Beasaingo hainbat ikastetxeetako Haur eta Lehen Hezkuntzako guraso taldeekin elkarlanean antolatu dituen udalekuetarako izena oraindik ere eman dezakete herritarrek.
Lehenengo bi txandak beteta dauden arren, hirugarrenean izena eman nahi duenak aukera badu plazak bete arte. Azken txanda hori uztailaren 20tik 31ra bitartean egingo dute, eta interesdunek txilibutxof@gmail.com helbidera idatzi behar dute.