Azurmendi, lehiarako prest
Iñaki Azurmendi bihar itzuliko da lehiara, Banakako Urrezko Aizkora lehiaketan. Jon Rekondo izango du parean
Iñaki Azurmendi aizkolari beasaindarra plazara itzuliko da bihar. Itxialdiaren ostean herri kirolak berriz ere lehian hasiko dira, aizkora mundua Banakako Urrezko Aizkorarekin. Azurmendik Jon Rekondo izango du aurrean.
Beasaindarra “gogotsu” agertu da biharko hitzorduaren atarian, baina onartu du sasoi bete betean ez dagoela. Itxialdian entrenatzeko zailtasunak izan ditu eta jende aurrean lan eginda neurriak are gehiago zorroztu dituela azpimarratu du. Ondorioz, bere buruari ez dio presiorik jarriko. “Gozatzera irtengo naiz, eta ahalik eta lan txukunena egitera”.
Uda sasoia ilun ikusten du. Festarik ez denez egongo erakustaldirik ere ez da egongo. Udazkeneko lehiaketak ere airean daude, pandemiak izango duen bilakaeraren itxaroan.