Eskolako Agenda 2030 programak ikasturte amaiera berezia izan du
Legazpiko alkateak bideo bidez erantzun die herriko ikasleek udalari egindako eskariei eta proposamenei. Iraunkortasunaren bidetik jarraitzeko esan die. Plastikoaren gaia landu dute aurten
Koronabirusak ikasturte amaiera gehienak jarri ditu hankaz gora Legazpin, ikastetxeetan, musika eskolan, akademietan, kultur etxean edo kiroldegian. Eskolako Agenda 2030 programari ere ez dio utzi urteroko moduan bere jarduna bukatzea.
Ikasleek ezin izan dute udaletxera joan ohi bezala, alkateari eta 2030 Agendaren Foroari euren lana aurkeztera, baina helarazi dizkiete ikasturtean zehar egindako lanketaren emaitzak eta proposamenak. Koldobike Olabide alkateak bideo konferentziaz erantzun die.
Ikasleen proposamenak
Lehen Hezkuntzako 1. mailatik Batxilergoko 2. mailara arteko ikasleen artean, plastikoaren gaia landu dute Eskolako Agenda 2030 programan aurten, Etorkizunaren alde, ostiralak plastikorik gabe izenburuarekin. Guztien artean, erabilera bakarreko plastikoaren erabilera saihestu behar dela ondorioztatu dute.
Hamaiketakoan eta askarian erabilitako plastikoa, plastikoz bildutako produktuak, hondakin plastikoen erabilera, mikroplastikoek eragindako kaltea edo hondakinak sailkatzearen garrantzia hizpide hartuta, udalari gai horien inguruko sentsibilizazio kanpainak egiteko eskatu diote, besteak beste, baita plastikozko botilak biltzeko makina bat jartzea ere.
Hainbat konpromiso ere hartu dituzte, kaleak plastiko zorroz ez zikintzea, edo astebete plastikorik gabe igarotzea, besteak beste.
Udalaren erantzuna
Ikasleen konpromisoak «gustura» hartu ditu udalak, alkateak bideoan jakinarazi dienez. Konpromiso horien ondorioz, gazteak ibiltzen diren inguruetan «zikinkeria gutxiago» sortzea espero dutela esan die.
Bestetik, gogorarazi die ingurumena errespetatzen duten udal jarduerak abian jartzen Legazpi Euskal Herri mailan erreferente bat dela, eta ildo horretan lanean jarraituko dutela agindu die, egin dituzten eskarien harira. Iraunkortasunaren bidetik ez aldentzeko ere eskatu die, «gutako bakoitzak gure planeta babesteko aletxoa jartzea, banakako keinu txikiek aldaketa globalak ekartzen dituzte eta».
Udalak, bere aldetik, 2030 Agendaren Foroan eta garapen jasangarriaren alde lanean jarraituko duela adierazi die.