Otxandioko udaleku itxian izena emateko azken egunak
Beasaingo Udalak Otxandion antolatutako udaleku itxietan izena emateko epea asteartean itxiko da. Plaza mugatuak dira
Beasaingo Udalak antolatutako udaleku itxietan izena emateko epea asteartean amaituko da. Egonaldia Otxandion izango da, uztailaren 20tik 29ra. Zehazki, 2007 eta 2011 urteen bitartean jaiotako haurrei bideratuta dago. Plazak mugatuak dira, eta beasaindarrek lehentasuna izango dute.
Izena emateko Beasaingo Udaleko webgunean eskuragarri dagoen galdetegia bete eta udalekuak@beasain.eus helbidera bidali behar da. Ondoren, berreste mezu bat jasoko du interesatuak eta ordainketa egiteko jarraitu beharreko urratsak jasoko ditu. Ordainketa egiterakoan amaituko da izen emate prozesua. Prezioak honako hauek dira; seme alaba bat 120 euro, bi seme alaba 225 euro eta hiru seme alaba 300 euro. Ordainketa egiteko azken eguna ekainaren 30a izango da. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero 943 028 063 telefonora deitu behar da.
Parte hartzaile guztien osasuna bermatuko da. Era berean, euskara sustatzea da udalekuen asmoa. Otxandio, Arratia eta Durangaldea bailaren artean, ingurune euskaldunean dago kokatuta. Aukera paregabea da euskaraz trebatu eta aire libreko aisiaz gozatzeko.