Sarek, 'Izan Bidea' dinamikaren baitan ekitaldiak antolatu ditu Goierrin
Egitasmoak 3.127.326 km egitea du oinarri, hau da, Euskal Herriko biztanle kopurua. Beasainen eta Seguran ekitaldiak, gaur dira; igandean, Ordizian aurkeztuko dute
Sarek Izan Bidea, ibiltarien sarea jarri du abian. Horren bueltan, Ordizian dinamikaren aurkezpena egingo dute, eta Beasainen eta Seguran ere egingo dituzte hainbat ekintza. Sarek nahi du, «presoak eta iheslariak etxean izatea». Sareren hitzetan, «bakerantz eta bizikidetzarantz abiatu nahi dugu, Izan Bidea konponbiderako bide gisa garatuz». Horretarako, herri aktibazioa eta inplikazio eta partaidetza politiko, sindikal eta soziala norabide berean jarri nahi dituzte, «mundu guztiaren pausoak beharrezkoak direlako etorkizun hobea eraikitzeko garaian».
Sareren arabera, «orain da unea, eta datozen urteetan presoen egoerari irtenbidea emateko beharra dago». Beste behin, «arazo hori konpontzeko aukera zabaldu» dute, «egungo egoerak, inoiz baino argiago utzi baitu, kartzeletan bizi den egoera eta salbuespenezko legediaren ondorioen krudeltasuna».
Sareren helburu nagusia da, «aktibazio soziala areagotzea eta zabaltzea, gobernuek hasitako bidea sendotzeko eta oraindik konponbidean dauden gatazkak konpontzeko». Horretarako, «iraganeko zauriak konpontzeko urratsak ere emango ditugu».
Dinamikak 3.127.326 km egitea du oinarri, hau da, Euskal Herriko biztanle kopurua. «Hiru milioi kilometroko bidea hasiko duen hiru milioi biztanleko herri bat, helburu argi batekin: bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea», adierazi du Sarek. «Gure herriko biztanle bakoitza ibiltaria izatea nahi dugu, bidea izatea».
Horretarako modu oso originala bilatu dute, mugikorrerako aplikazio baten bidez, aldarrikapen honen parte izan nahi duen pertsona edo elkarte orok izena eman eta kilometroak eman ahal izango ditu, gainerako biztanleenari gehituz joango direnak. Sareren webgunean deskargatu daiteke aplikazioa.
Ekimenak, Goierrin
Gaur, Beasainen presoen aldeko martxa egingo dute, Bideluze plazatik Erauskin plazara, 19:30ean. Seguran, ostiraleroko elkarretaratzearen ondoren, mokadutxo bat jango dute Elorrin. Ordizian berriz, Izan Bidea ekimena aurkeztuko dute igandean, Barrena parkean, 12:00etan.