Erbina ahizpak eta Ana Usabiaga, BAT Basque Teameko bekadun
BAT Basque Team fundazioak gaur jakinarazi du 2020ko bekadunen zerrenda. Hiru kirolari ordiziar daude 25 laguneko zerrendan. Beka gehiago onartu ahala, zerrenda zabaltzen joango da.
Koronabirusak kirolean ere izan du bere eragina. Hainbat liga eta txapelketa bertan behera gelditu dira, eta kirolariek ere hainbat aste pasa behar izan dituzte etxean eta ohiko entrenamendurik egin gabe. Kirolariek jasotzen dituzten beka eta laguntzak ere, geldirik egon dira hainbat hilabetez. BAT Basque Team Eusko Jaurlaritzak nazioartean aritzen diren kirolariei laguntzeko sortutako fundazioak ere etena izan du, baina dagoeneko martxan dira eta gaur iragarri dituzte 2020ko bekadunen lehen izenak. 25 laguneko zerrenda argitaratu dute momentuz, nahiz eta beka gehiago onartu ahala, zerrenda hori zabaltzen joango dela aurreratu duten.
Aurreneko zerrenda horretan, hiru ordiziar daude. Batetik, errugbiari dagokionean, Amaia eta Lide Erbina ahizpak. Eta bestetik, Ana Usabiaga txirrindularia. Hirurak ere nazioarteko lehiaketa ugaritan ibiliak dira dagoeneko, eta hauek berrekin bezain pronto, lehiarako prest egotea espero dute. Bekadunek, laguntza ekonomikoaz gain, laguntza teknikoa, osasun arlokoa, coaching-a edota komunikazio eta irudi arlokoa ere jasoko dute. Ikasketetan eta laneratze arloan ere izango dute laguntza.
Basque Team fundazioak, berdintasunaren alde egin duen apustua ere azpimarratu du (25 bekadunetatik 13 emakumezkoak dira). Gainera, laguntza jasoko duten kirolariek gizartearentzako eredugarri diren baloreak transmititu ditzaten saiatuko dira, eta ez zaie onartuko jarrera matxista, xenofobo edo diskriminatzailerik, ez emakumeekiko eta ez inolako pertsona edo kolektiborekiko ere.