Gaur euria, bihar beroa
Astelehen goizak lainoak, euri langarra eta tenperaturen jaitsiera ekarri ditu berekin. Arratsalderako ostarteak zabalduko dira, eta bihar, berotzera egingo du eguraldiak.
Uda giroko asteburu betearen ondoren, triste esnatu da astelehen goiza Goierrin. Lainoek estali dute zerua eta euri langarra ari du nonahi. Tenperaturak ere behera egin du atzotik, eta gaur maximoak 18 gradu inguruan ibiliko dira. Arratsalderako, ordea, hobetzera egingo du eguraldiak, eta Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, “ostarte zabalak” irekiko dira.
Bihar, berriz, berotu egingo du atzera ere. Iparrari hego-ekialdeko haizeak hartuko dio tokia, zeruak garbitu egingo dira eta tenperaturak hogei gradutik igoko dira, 25 graduraino ere bai, eguneko zenbait ordutan. Asteazkenean jarraitu egingo du giro onak, nahiz eta laino gehixeago agertuko diren; ostegunean, berriz, gaurkoaren tankerakoa egin dezake, zerua estalita egongo da, euria egin dezake eta tenperaturak jaitsi egingo dira.