Musika itzuli da plazetara
Ordiziarrock-ek antolatuta, Matilda taldeak zuzeneko kontzertua egin du Ordizian. Segurtasun neurri ugari hartu behar izan dituzte; publikoa mahaietan eta taldetxoetan banatu dute, besteak beste.
Musikariak eta zaleak bat datoz, musika zuzenean gozatzen da gehien. Eta denak ere zain zeuden normaltasun berria deitu duten garai honetan, aurrez aurreko emanaldiak noiz hasiko. Ordiziarrock Ekintzak taldeak, konfinamendu aurretik prest zuen eta bertan behera utzi behar izan zuen kontzertu bat, Matilda taldearena, aukeratu du eskenatokien irekiera honetarako. Konfinamendu garaian etxetik hainbat saio egin dituen Monkey Man DJa ere aritu da musika jartzen.
Ahalegin berezia eskatu die antolatzaileei, segurtasun neurri ugari hartu behar izan baitituzte. Publikoa mugatu eta taldetxotan, mahaien bueltan banatu dute, elkarren arteko segurtasun distantziak mantentzeko. Zailtasunak zailtasun, ordea, gustura gelditu dira emaitzarekin; sare sozialetan azaldu dutenez, “ez da erraza izan, baina lantalde honekin, ikusentzule arduratsuekin eta musikari handiokin gustua ematen du”.