Arrakala digitalaren aurrean eragitea eta tasetan hobariak ezartzea onartu du udalbatzak
Eten digitala eta ikaskuntza-arrakala murrizteko plan bat onar dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Tasen hobariek, Covid-19aren kalteak arintzea dute helburu.
Udaletxeko areto nagusian egin zuten udalbatza iragan ostegunean, alarma egoera ezarri zenetik, lehenengoz. PSE-EEk arrakala digitala dela eta mozioa aurkeztu zuen, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko, eten digitala eta ikaskuntza-arrakala murrizteko plan bat onartzea, dauden desberdintasunak gainditzen laguntzeko, hezkuntza-sistemaren ekitatea eta kalitatea bermatuz, eta ikasleen urrutiko hezkuntza-jarraitutasuna ziurtatuz, ahalik eta baldintza onenetan ikasten jarrai dezaten, ondoren, udalbatzak eztabaidatu eta erabaki dezan.
Aho batez onartu zuten. Baiezko bozka emanda ere, Mila Sukiak (Ordizia Orain) nabarmendu zuen, «adabakiak jartzea baino , arazoaren oinarrira jo behar» dela. Adur Ezenarro alkateak defendatu zuen, «Internetera sarbidea eskubide bat izan behar» dela.
Bestalde, 4, 6eta 7 Ordenantza Fiskalen hasierako aldaketaren onarpena eraman zen udalbatzara. Laugarren ordenantza fiskalak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga erregulatzen du. Horren barruan, Obraren Jakinaren Gainekoa deitzen zaiona dago. Proposatu zen, argitzea zein obra motatan aplikatu behar den, eta ordenantza fiskalean jasotako %3ko tipoa, %2ra jaistea, Covid 19ak eragin duen kalteak arintzeko eta obra txikiak berraktibatzeko.
Okupazio publikoaren tasetan (7. ordenantza), hiru hilabetetako hobaria aplikatzean erabaki zen, azokako baserritarrei eta gainontzeko saltzaileei. Janaria kalean salgai jartzen duten establezimenduei, agindu zitzaien ezin zutela janaria kalera atera, Covid-19agatik, eta horiei ere, hiru hilabeteko hobaria aplikatzea onartu zen. Ostalaritzan, galerak orekatzeko, planteatu zen, terrazen eta beladoreen okupazioagatik ordaintzen duten tasan, %100 hobaria aplikatzea. Hondakinen tasan ere, %25eko hobaria onartu zen.