Alberto Bezunartea (Equo): «Hauteskundeetara bakarrik aurkeztuta, ilusioa handitu zaigu»
Equo koalizio ekologistaren Gipuzkoako zerrendan, bigarren postuan aurkeztu da Alberto Bezunartea (Legazpi, 1970). Berdea indarra hartzen ari dela eta, Legebiltzarrera iristeko aukerak badituztela uste du.
Ibilbide politikoa 2014n hasi zenuen, Equora afiliatu zinenean.
Bai. Aurretik hainbat mugimendu sozialetan ibili nintzen murgilduta, intsumisio taldean adibidez. Beti izan dut aktibismo sozialarekiko kezka, baina iritsi zen momentu bat hura ez zela nahikoa , eta salto bat egitea pentsatu nuen, gauzak azkarrago aldatzeko, barruan hartzen direlako erabakiak. Une hartan Equo sortu zen eta emaztea eta biok [Monika Monteagudo] hasi ginen alderdiak aldarrikatzen zuena aztertzen, eta gustatu eta aurrera egin genuen. Gainera, guk beti izan dugu sentimendu ekologista, eta Equo Espainia mailako talde ekologisten batuketa da.
Oso kide aktiboa zara, gainera.
Ni baino gehiago, Monika, Madrilgo zuzendaritza batzorde federalean eta beste organo batzuetan egon delako. Ni atzealdean, oinarrian egon naiz la- nean, lurralde mailan eta batez ere herri mailan.
Izan ere, zinegotzia zara Legazpiko udalean.
Bai, bigarren agintaldia dut orain, Equo Berdeak eta Independienteak taldeko ordezkari bezala; aurrekoan Irabazi-Ganar Legazpi koalizioko zinegotzia izan nintzen.
Orain, hauteskundeei begira, bigarrena zoaz Equoko Gipuzkoako zerrendetan.
Edurne Baranda zerrendaburuaren atzetik noa, bai. Zergatik? Esperientzia badugulako, beldur pixka bat galdu dugulako, eta zerrenda bat osatzeko nire izena hor egon behar zela pentsatu nuelako. Nire burua aurkeztu nuen, eta kideek nire aldeko botoa eman zuten. Horrek ardura puntua dakar, eta nitaz iri- tzi ona dutela ere esan nahi du.
Bakarrik doa Equo oraingoan. Alderdiaren mesederako izango da?
Gure asmoa, aurreko hauteskundeetan bezala, Podemosekin batera joatea zen, hemen Euskadin gure arteko elkarlana ona delako. Baina Madrilgo Podemoseko kideek gu kanpoan uztea erabaki dute, betoa jarri digute, Espainia mailan Errejonen alderdiaren alde egin genuelako.
Horrekin gure ilusioa handitu egin da. Elkarrekin ondo moldatu gara, lan asko egin dugu, baina bakarrik askatasun gehiago izango dugu gure ideiak eta asmoak zabaltzeko, gure programa propioa garatzeko.
Zerk bereizten du Equo beste alderdiengatik?
Beti izan gara atal berdea, ekologistak gara, eta gure lan egiteko era ere ezberdina da. Beti gaude prest besteekin hitz egiteko eta gure asmoa da denekin akordioak lortzea. Politika, tresna gisa ulertzen dugu eta uste dugu akordioak lortu behar ditugula guztiekin, alderdiekin, erakundeekin, sindikatuekin…
Zeintzuk dira zuen programaren ardatzak?
Bi dira nagusiki, ekonomiaren trantsizio ekologikoa batetik, eta bestetik, sistema publikoa indartzea, hau da, gizarte zerbitzuak, hezkuntza, osasuna… Bi arloak batera lantzen ditugu, uste dugulako ekologia edo behar dugun jasangarritasuna esparru guztietatik jorratu behar dela.
Proposamen zehatzei begira, zeintzuk dira garrantzitsuenak ekonomiaren trantsizio ekologikoa gauzatzeko?
Argi dugu trantzitsio ekologikoa bizkortu egin behar dugula. Nola? Ekonomia birkokatuz eta modernizatuz, adibidez. Gure ustez erkidego mailan 30.000 enplegu berde sor daitezke hondakinen kudeaketan edo mugikortasun eta energia jasangarriaren sektoreetan, esate baterako. Begira, alde horretatik, badago datu esanguratsu bat: zabortegi edo erraustegi bateko enplegu bakoitzeko, birziklatzearekin eta berrerabilpenarekin hamar sortzen dira.
Diru sarreren atala ere garrantzitsua da, eta horiek bermatzeko, bi neurri proposatzen ditugu. Epe motzera, martxan dauden azpiegitura handiak bertan behera uztea nahi dugu, besteak beste AHT-a, erraustegia, SuperSur-a eta Donostiako metroa. Guretzako alferrikakoak dira. Egiten ari diren lan horiek erakusten dute dirua badagoela, baina gaizki erabiltzen dela, eta diru hori berbideratu behar dela pentsatzen dugu, lehentasunak beste batzuk direlako.
Epe luzera, berriz, ekonomia berdetzea proposatzen dugu.
Eta sistema publikoa indartzeko proposamenak?
Ongizate eredua ere modernizatu egin behar da, eta osasun eta hezkuntza sistemak indartu behar dira, baita zerbitzu publikoak ere.
Bestetik, gaur egun dauzkagun sarrerak bermatzeko errentatik oinarrizko errenta batera igaro behar dela uste dugu, orain estatu osora hedatu denaren harira, baina jende gehiagora zabalduta eta diru kopuru altuagorekin. Gure kalkuluen arabera, Euskadin 60.000 pertsona kanpo daude gaur egun laguntza horietatik. Hori kontuan hartuta eta desberdintasun soziala eta pobrezia ikusita, gauzak gaizki egiten ari garela argi dago.
Zaintzaren eredua benetazko beharretara egokitu behar dela ere aldarrikatzen dugu. Feminizatutako sektorea da zaintzarena, eta emakumeek baldintza kaskarretan egiten dute lan. Horrekin ere bukatu nahi dugu.
Kanpaina martxan dago, eta koronabirusa dela eta, berezia da. Nola doa?
Arraro xamar, egia esan. Motzagoa da besteetan baino, eta gu sare sozialetan indar handia jartzen ari gara. Hala ere, egin ditugu ekitaldi publikoak, eta asteburuan Errenterian eta Mutrikun izan gara eta jendea ger- turatu da, baina adibidez, ezin da paperik banatu… Arraroa da, bai.
Emaitzei dagokienez, zer espero duzue?
Berdea indarra hartzen ari da, ezin da ukatu. Frantziako hauteskundeetan, adibidez, berdeek oso emaitza onak lortu dituzte, eta gure lehendakari gaia den Jose Ramon Becerrak atzo Zaldibarko zabortegian egin genuen ekitaldian esan zuen bezala, hango olatu berdea Euskadira ekarriko dugu, 2030ean erraustegi eta zabortegi guztiak ixteko.
Bestela, inkestak hor daude eta gurekin oso baikor ez badira ere, gure ustez baditugu aukerak. Gure lehen hauteskundeetan ere ez ziguten aukerarik ematen, baina 200 botora geratu ginen legebiltzarrean sartzeko. Nik uste dut zortzi urte eta gero aukera gehiago ditugula.
Nork eman behar dio botoa Equori?
Etorkizun jasangarri eta justu batekin kezkatuta daudenek. Belaunaldi berriek zein zaharrek. Guk ikusten dugu daramagun bidea ez dela ona, aldaketa beharrezkoa dela, eta norabide hori aldatu nahi dutenek, giro osasungarria eta gizarte justuagoa eta berdinagoa nahi dutenek eman beharko ligukete botoa.
Gu talde ekologista bat gara, baina beste arloak ere jorratzen ditugu, LGTBI arloa, emakumearen arloa, gizarte gaiak orokorrean… Gure aukera oso globala eta zabala da.