Ordiziako kanpoko igerilekuan, asko jota 315 lagun
Majori kiroldegiko aplikazioaren bitartez hartu behar dute txanda igerilekuko erabiltzaileek. Lehen egunak «arazo handirik gabe» pasa dituztela diote arduradunek. Bihar irekiko dute tabernako terraza, bazkariak barne.
Uda garaia da. Eguzkia ateratzen denean igerilekuetan bainua hartzeko, igeri egiteko edo eguna pasatzeko plana egiten dute herritar askok. Aurten ere aukera izango dute goierritarrek, baina koronabirusak eragindako osasun krisia dela eta, neurri zehatzak hartu dituzte hedapena ekidite aldera. Ordiziako kiroldegian zerbitzu batzuk ekainaren 15an jarri zituzten martxan, eta zerbitzu horiek pixkanaka zabaldu dituzte hurrengo asteotan. Kanpoko igerilekua ekainaren 22an ireki zuten. Gehienez 315 pertsona sar daitezke aldi berean, eta aplikazio bidez eman dezakete izena erabiltzaileek.
Odilo Rivera Majori kiroldegiko zuzendariak azaldutakoarean arabera, «arazo handirik gabe» hasi dira lanean kanpoko igerilekuan: «App-aren bitartez erreserbak egiten dira eta sartzeko aukera izaten da erreserba egin bada eta lekua badago, bestela ez». Egun eguzkitsuetan nabari da eskaera handitzen dela: «Hiru edo lau egunetan izan dugu beteta, eguraldi ona egin duenetan». Joan den astean eguraldiaren araberakoa izan zen kopurua: «Astelehenean 203 lagun, asteartean eta asteazkenean beteta, ostegunean 150 eta ostiralean 18, eguraldi txarra egin baitzuen». Zazpi egun lehenago erreserbatu daiteke gehienez. Gaurko txanda ere beteta dagoela jakinarazi du Riverak.
Igerilekuko erabiltzaile batek azaldu du sistema erosoa dela aplikazioarena: «Emailez edo telefonoz Majorirekin harremanetan jarri eta kode bat emango dizute aplikazioan sartzeko». Hiru txanda daude erreserbatzeko: goizean, eguerdian eta arratsaldean. Arazorik izan ez duten arren aforoari dagokionez, balego, neurriak hartuko lituzkete: «Soroslearen esku dago 15 minuturo igerilekua hustu eta beste pertsona batzuk sartzeko».
Sorosleak lasaiago
Erabiltzaileak lasai daudela esan du Majoriko zuzendariak: «Distantziak ere errespetatzen dituzte, orokorrean ondo ari gara; guk emandako irizpideak araudi antzeko bat dira». Sorosleek ere lanean jarraitzen dute, baina jarduna erosoagoa da: «Inoiz baino lan gutxiago daukagu egia esan, dena antolatuta dagoelako eta aforoa ere gutxitu delako», dio Imanol Etxeberria sorosleak.
Taberna zabalik
Kiroldegiko taberna ostiralean zabaldu zuten, ekainaren 26an. Bihartik aurrera bazkariak emateko zerbitzua ere jarriko dute abian: «Terraza jarriko da igerileku ondoan alde batetik bestera ez ibiltzeko». Txirristak itxita daude, handia zein txikiak, baina igerileku txikikoa aste honetan irekiko dute haurrek jolas dezaten. Bestalde, sauna berritzen dutenean irekiko dutela iragarri dute, oraindik lanak bukatzen ari baitira. Beraz, txanda hartuta eta erreserba eginda, lekua izanez gero, eguraldi onaz eta bainuaz gozatzeko aukera izango dute irailera arte ordiziarrek.
Egun eguzkitsuetan azti ibili beharko dute herritarrek lekua hartzeko, ezarritako aforoa azkarrago beteko baita.