Zaldibian haurrentzako 'Uda bizia' ekitaldi sortak ordezkatuko du udalekua
Beste urteetako jarduerarik antolatu ez bada ere, haurrek eta gaztetxoek kirol eta kultura ekitaldi saldoa izango dute. Bihar hasiko da egitaraua, uztailaren 24a arte. 21 egunetan bada zerbait
Ezohikoa izateak ez du esanahi okerragoa denik. Zaldibian aurtengo udarako haurrentzat eta gaztetxoentzat prestatu duten egitarauak ez du beste urteetako udaleku irekien inbidiarik. Koronabirusaren egoerara moldatu du udalak egitaraua, sarrera mugatuta, adinka egunak bereizita eta ordutegiak ugalduta jende pilaketak saihesteko. Uda bizia izeneko egitaraua bihar hasiko da, eta uztailaren 24ra arte 21 egunetan izango dute haurrek zer egina, gozatua eta ikusia.
Orain arteko goizeroko hiru orduko aisialdi jarduerak ez egitea erabaki zutenean hasi ziren egitaraua ontzen. «Umeei begira egindakoa da. Familiei ez die asetuko agian haurra uzteko zerbitzua, goizean hiru orduz ez direlako egongo. Honekin, familiak ere inplikatu egiten dira, eta ume guztiek ez dute egunero izango ekitaldirik», azaldu du arloko zinegotzi Laida Elizegik.
Batetik, Parke Botanikoari etekina aterako diote, ekitaldi gehienak aire librean egiteko pentsatuak baitira. Euria egiten duen kasuetarako, Resti pilotalekura joango dira. Bestetik, banatu egingo dituzte haurrak, bai adinez, bai ordutegiz, bai jarduerak. «Ume dezentek eman dute izena. Ezer antolatuko ez zen ideiarekin zeuden, eta gustura hartu dute Uda bizia eskaintza; beldur apur batekin ere bai batzuek, egoera den bezalakoa delako».
Herriko taldeak murgilduz
Zaldibia Herri Hezitzaile sarean sartu da, eta udako egitarauan ere txertatuko dute espiritu hori. Mendi elkarteko eta guraso elkarteko zenbait boluntario inplikatu dira, eta horiek antolatuko dituzte ekimen batzuk. Mendi ibilaldi bat egingo dute haurrek eta gaztetxoek, batetik. Herrian bertan, beste bi txango ere aurreikusi dituzte, baserrietara. Untxi haztegi bat, eta patata sartuta duten beste baserri batera joango dira.
Guraso Elkartekoek, beren aldetik, hiru ostiraletan prestatuko dizkiete gozagarriak: bi film eta karaokea antolatu dituzte.
Udalak bi herritar gazte kontratatu ditu, Uda bizia egitarauan lan egiteko: «Muntaiarako, jasotzeko, ekitaldiren bat parkean dagoenean umeak eseriko diren tokiak markatzeko… lana izango dute. Sarrera-irteerak kontrolatuko dira, eta eskuak garbitu beharko dira aldiro. Formakuntza eman zaie».
Zaintzarako zerrenda
Udalak, lanpostu deialdian, zerrenda bat osatzeko aukera eman zien umeen zaintza lanetan jardun nahi zuten interesatuei. Hala, zortzi herritarrez osatutako zerrenda dago kultur etxean eskuragarri, kontziliazio arazoak dituzten familiek haurrak zaintzeko inor behar balute harreman-bidea errazteko.
ASTEKO EGITARAUA· Bihar. ‘Urpekakariak’ bertso antzerkia. 11:00etan, plazan (euria bada, Resti pilotalekuan) LH3tik DBH2ra artekoentzat.
· Etzi. Ixabel Agirresarobe ipuin kontalaria, Parke Botanikoan. Hiru kontakizun: 10:30 (HH4-5), 11:30 (HH2-3), 12:15 (LH1-2).
· Ostirala. Musika saioa, plazan, musika eskolakoekin. 11:00, gorputz perkusio tailerra (LH3-6); 12:00, ikasleen musika joaldia.