«Kolpe gogorra izan da gure 75. urteurrena atzeratu beharra»
Kirol denboraldia ez ezik, Legazpiko futbol klubari 75. urteurrenaren ospakizunak ere zapuztu dizkio koronabirusaren krisiak. Xabi Aldama lehendakariak azaldu du hurrengo urtera atzeratu dituztela ekitaldiak.
Urteko batzarra egin duzue.
Bai, ekainaren 27an. Gertatu den guztiaren ondoren, batzar berezia izan zen, eta besteak beste, kirol balantzea, diru kontuena eta zuzendaritzako kideen aldaketa onartu genituen.
Zein da kirol balantzea?
Denboraldia ez da ohi bezala amaitu aurten, martxoan baizik. Hasieran lehiak eten egin zituen federazioak, baina egoera luzatzen zihoala eta, denboraldia bertan behera uztea erabaki zuen, eta horrekin batera, hurrengo denboraldiari begira mailaz igoko edo jaitsiko ziren taldeak izendatu. Jaitsi ez da bat ere jaitsi, eta maila bakoitzean talde gehiago sartu dituzte, 20 izan beharrean, 22.
Baina guri faena txiki bat egin zigun, mailaz igotzeko aukera zuen kadete taldeari ez diolako horretarako aukerarik eman. Kadeteak igotzeko fasea jokatzen ari ziren, eta zortzi taldetatik hirugarren zihoan, baina federazioak lehenengo biak igo ditu bakarrik. Pena izan da, aukerak bazituztelako.
Diru kontuetan ere izan du eragina koronabirusak.
Bai. Lehia martxoan geratu zenez, gurasoei kuota ez kobratzea erabaki genuen, hilabete horretakoa, apirilekoa eta maiatzekoa. Logikoena zen, entrenamendurik eta partidarik ez zegoen, desplazamendurik ere ez…
Horrek zein egoeratan utzi du taldea?
Ilintxa, zorionez, egoera ekonomiko onean dago, inoiz izan duen superabit handienarekin. Nik uste dut kudeaketa ona egin dugula, eta babesleen eta iragarleen laguntza ere ezinbestekoa izan dugu, baita gurasoena ere, lehen aipatutako kuotekin. Diru laguntzak ere jaso ditugu, federazioarena eta Realarena. Realak ere diru bat ematen du urtero, fitxaketen arabera. Eta denboraldi honetan, gainera, aparteko diru sarrera bat ere izan dugu, bere ibilbidea Ilintxan hasi zuen Irene Paredesek Eurocopan jokatzeagatik.
Orain ondo gaude, baina hemendik aurrera zer gertatzen den ikusi behar da, publizitatea nola joango den ez dakigu eta.
Klubaren 75. urteurrena ere ukitu du koronabirusak.
Bai, hori ere bertan behera geratu zen, ekitaldi asko itxita zeudenean. Kultur etxean argazki erakusketa bat egin behar genuen eta argazki guztiak jasota eta prestatuta zeuden. Latxartegin antzerki emanaldi bat programatu genuen, Real Sociedad Fundazioak lagunduta, eta futbolaren balioak hedatzeko helburuarekin. Jokalari beteranoen arteko partida bat, Realeko jokalarien entrenamendu bat, Genuine ligako Realaren eta Eibarren arteko partida, bazkari bat, hitzaldiak… Egitarauarekin maiatzean hasteko asmoa genuen, ligak amaitutakoan.
Kolpe gogorra izan da. Lan handia egin dugu dena lotzeko, eta dena pikutara joan da.
Hala ere, ospatuko duzue urteurren garrantzitsu hori. Ba al dituzue datak?
Datorren urtean. Oraindik ez dugu ezer zehaztu, baina seguru aski urtarrilean hasiko gara.
Hori guztia, zuzendaritza taldea berritu eta indartuarekin egingo duzue.
Bai. Denboraldi hau zuzendaritzan sei kide geundela hasi genuen, baina ekaina amaieran hiru besterik ez ginen geratzen. Eta ezinezkoa da hiru lagunekin klub bat eramatea. Horrela ezin genuela jarraitu ikusita, talde guztietako gurasoekin bilerak egin genituen, eta argi eta garbi esan genien batzuk zuzendaritzan sartu beharko zutela, bestela Ilintxak ezingo zuela aurrera jarraitu. Bilerak egin dituzte, zozketak ere bai kasu batzuetan, eta azkenean, lortu dugu jendea.
Nork osatzen du zuzendaritza batzorde berria?
Lehengo taldetik Luis Ros, Aitor Murua eta ni gatoz, eta Cristina Arrizabalaga, Albon Retegi, Aitor Zabaleta, Nagore Mendinueta eta Miguel Angel Boya dira kide berriak.
Zuk futbolaren munduari lotuta jarraitu behar duzu orduan.
Bai. Bi semeak jubenil taldean daude, eta klubean jarraituko dut. Urolan hasi nintzen jokatzen, eta Ilintxara duela 20 urte iritsi nintzen; entrenatzailea izan naiz, ordezkaria, zuzendaritzakoa, eta duela hiru urte Pello Altzelaik lehendakari postua utzi behar zuela eta, neuk aurkeztu nuen neure burua.
Zuzendaritzakook ordu asko ematen dizkiogu Ilintxari, ezer kobratu gabe. Baina nik behintzat gogoz egiten dut, gazteek kirola egitea bultzatu eta futbolaren balioak zabaldu nahi ditut, errespetua, diziplina, laguntasuna…
Hurrengo denboraldia noiz hasiko den ba al dakizue?
Oraindik ez dakigu ezer, urrian hasiko den esaten dute… Bikuña futbol zelaia itxita dago, baina uztailean irekiko dela uste dugu, neska-mutikoak entrenatzen hasteko. Udala protokoloak prestatzen hasita dago, eta aldagelak ezingo dira erabili adibidez. Gainera, jakin dugu aldagelak berritzeko lanak uztailean hasiko direla. Ezjakintasuna da nagusi, baina guk urteroko moduan egingo dugu, eta irailean mediku azterketak eta fitxak egiten hasiko gara.