Zerain Dezagun Fundazioak zerbitzu turistikoen kudeaketa zuzena egingo du aurrerantzean
Zerbitzu turistikoak orain arte enpresa baten bitartez kudeatu dituzte. Hemendik aurrera Ilazki Azaldegiren gain egongo da Zeraingo turismo baliabideen koordinazioa.
Zerain Dezagun Fundazioak aurrerantzean zerbitzu turistikoak zuzenean kudeatzea erabaki du. Orain arte eta urte luzez enpresa baten bitartez egin dute kudeaketa. Horrela, hautaketa prozesu baten bidez langile berri bat kontratatu dute turismo teknikari lanetarako: Ilazki Azaldegi izango da Zeraingo turismo baliabideen kudeatzailea.
Turismo bulegoaren ordutegia ere aldatu dute. Denboraldi baxuan, asteartetik ostegunera eta igandeetan 10:30etik 14:00etara egongo da zabalik, eta ostiral eta larunbatetan arratsaldez ere egongo da, 16:00etatik 18:30era. Denboraldi altuan, berriz, astelehenetik igandera egongo da irekita, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era.
Batetik, bisita gidatuen zerbitzua martxan da dagoeneko, asteburu eta jaiegunetan. Larraondoko zerrategi hidraulikoa eta Aizpeako meategietara joaten dira bisitariak. Eta bestetik, turismo bulegoan bertan dagoen denda ere zabalik dago. Ekoizleen produktuaen eskaintza zabaltzea dute helburu.
Harizti-erdi aterpetxea, baina, oraindik berritze lanetan dago, eta irailetik aurrera zabalduko dute. Turismo zerbitzuei buruzko informazioa lortzeko eta erreserbak egiteko 943801505 telefonora deitu edo turismobulegoa@zerain.eus helbidera idatzi behar dute interesdunek.