Ehunmilak lasterketarik egingo ez bada ere, probaren "balioek indarrean" jarraitzen dute
Ehunmilak ultratrail probaren antolakuntzak zabaldutako bideoan, aurten lasterketarik egingo ez bada ere, uztaileko bigarren asteburua berezia izango dela azaldu dute. Herritarrei probarekin identifikatzen duten zerbait hartu eta argazkiak elkarbanatzeko deia egin diete.
Dena ondo joan izan balitz, gaur egingo zuketeen Ehunmilak ultratrail probaren aurkezpena. Aurten, ordea, ez dute lasterketaren 11. edizioa egingo, koronabirusa dela eta, antolakuntzak bertan behera uztea erabaki baitzuen. Arrastaka mendi taldeko kideek, bideo bat zabaldu dute, herritar eta parte-hartzaile guztiei zuzenduta. Bertan, “Ehunmilak lasterketa bat baino gehiago” dela gogorarazi dute, “lasterketa bertan behera utzi arren, gure balioek indarrean” jarraitzen dutela azaldu dute. Egoeraren aurrean arduraz jokatu nahi izan dute, eta “momentu zailenetan erabaki arduratsuak” hartzen jakin dutela azpimarratu nahi izan dute.
Uztaileko bigarren asteburua “berezia” izan ohi da, bai antolakuntzakoentzat, bai partehartzaileentzat, eta baita era batera edo bestera laguntzen edo parte hartzen duten herritarrentzat ere. Hori dela eta, herritarrei dei egin diete, Ehunmilak probarekin identifikatzen duten zerbait hartu eta argazki bat atera dezaten, ondoren sare sozialetan elkarbanatzeko. Datozen egunetan, berri gehiago zabalduko dituztela iragarri dute, gainera.