Emankor hasi da uzten hilabetea
Gazta mota berriak, sagar eta aran gehiago, loreak, hemengo perretxikoak.... aukera zabala izan da Ordiziako azokan. Eta beste behin ere, jende asko gerturatu da asteazkeneroko hitzordura.
Tenperatura atsegina 20 graduren bueltan eta lanbrotsua. Baratzeari mesede handirik egiten ez badio ere, eguraldi egokia feriarako. Eta emariak zabalik darrai.
Arloz arlo, frutetan sagarra ugaritzen. Atzo Ataungo San Joan sagar gorria (Ataungo Lurdes Zurutuzak) eta San Pedro sagar gorria (Errezilgo Jose Antonio Aizpuruk). Biak garai bertsukoak badira ere, elkarrekin ikusiz eta dastatuz oso ezberdinak dira. Aran klaudia gutxi batzuk 2 euroan kiloa. Horiek ere Zuruturazen postuan aran gorri eta horiekin batera. Aran txiki hori eta gorri basak Baliarraindik ekarriak.
Gustua indartzeko erabili ohi diren landare sorta pare bat ekarri ditu Aramako Arantxa Zurutuzak: eneldoa eta perexil heze edo apioa, euroan sorta. Agapantus eta gladiolo lore sorta ikusgarrien ondoan (5 euroan sorta).
Gazta berria urteurrenean
Olaberriko Judith Gartziak atzo bete zuen Ordiziako ferian lehen urtea. 2019ko uztaileko lehen asteazkenean (3an) hasi zen etortzen Behieko markarekin, behi esnearekin egindako produktuak saltzera. Hiru baserrik bat egin eta sortu zen Behieko marka eta Olaberriko Etxeberri goikoan gazta egiten dute. «Oso interesgarria izaten ari da asteroko hitzordu hau, jendearekiko harremanak gure lanean bide berriak irekitzeko gogoa areagotzen du».
Izan ere urte betean gazta mota ezberdinak aurkeztu dituzte, urdina horietako bat. «Jendearen iritzia eta gustuak ezagutzeko oso egokia da salmenta modu hau».
Atzo justu gazta laktikoa ahabi ekologikoekin nahastua ekarri zuen lehen aldiz. Frogak egitea gustuko dute eta Lekeitioko (Bizkaia) ahabi ekologikoak dituen lagun batek proposatu eta atzo emaitza salgai 5-6 euroan pieza salgai.
Mendiko ardi gazta
Udaletxe azpian ohiko tokian Arizmendi gazten postuan Itziar Etxeberria atzo hasi zen mendiko ardi gazta berria saltzen. Karlos Aramendia Eulateko artzainak Urbasan martxoaren 2an egindakoa 19 euroan kiloa. «Oso harrera ona izaten du», zioen Etxeberriak.