Ezpata dantzariek alaitu dute Santa Isabel eguna
Santa Isabel jaiak ospatu ez badira ere zumarragarren egun handian ezpata dantza dantzatu diote Antioko Amari.
Santa Isabel jaiak bertan behera geratu badira ere, uztailaren 2a, zumarragarrentzat egun handia eta berezia dela ez dute ahaztu nahi izan, eta Udalak, elizak, txistulariek eta dantzariek, meza eta eliza barruko ezpata dantza egitea erabaki dute. Tradizioari eusteko keinua izan da.
Beste urte batzuetan ez bezala, Antioko inguruetan ez da ia jenderik ikusi. Gaurko ekitaldian, udal ordezkariez, dantzariez eta txistulariez gain, 100 herritar sartu dira Antioko elizan. Koronabirusa dela eta, segurtasun neurriak zorrotz bete ahal izateko, elizako atera gerturatu direnen datuak konprobatu dituzte, izan ere, gonbitea zutenek sartu ahal izan dute bakarrik, eta elizan sartu aurretik, jela eskaini diete guztiei eskuak garbitzeko. Eliza barruan ere nabaria izan da, ez dela festa egun bat gehiago izan. Bertan egon direnek distantziak zaindu beharrak eta maskara jantzita egoteak gogorarazi du, ezohiko egoeran gaudela oraindik.
Irrintzi dantza taldeko dantzariek lortu dute une batez, egunari poztazuna ematea haien dantzekin. Antioko Amaren aurrean dantzatu ondoren, emozioa izan da nagusi haien artean. Aurten, kapitainak izan dira Aridane Peñagarikano, Sara Bidarte, Miren Hernandez eta Andoni Orosagasti.
Hernandezentzat lehen aldia izan da gaurkoa: «Hasieran urduri, baina belauniko jartzerakoan, dantzatzea baino ez nuen buruan». Gehitu du, «emozio handiko momentua» izan dela, nahiz eta «pena» ere sentitu duen, «senide askok ezin izan dutelako bertan egon”, eta baita Koronabirusagatik, «zumarragarren egun handia bere horretan ezin ospatzeagatik, urte guztian honen zain egoten garelako».
Antiotik, plazara
Antioko ekitaldia amaituta, Zumarragako Euskadi plazan eman diote segida ekitaldiari. Han ere, jende pilaketak ekiditeko, distantziak zainduz eserita jarraitu ahal izan dute dantza emanaldia.
Irrintzi dantza taldekoek, txistulariek lagunduta, ezpata dantza egin dute han bildu diren zumarragarren eta udal ordezkarien aurrean. Bukatzeko, familia argazkia atera dute.
Hona hemen Santa Isabel eguneko ekitaldiaren hainbat argazki: