«Ingurukoa ikusteko gogoa badago eta mugimendu handia dabil»
Udako ordutegi berria dute Zeraingo Turismo Bulegoan: uztailean eta abuztuan, astelehenetik igandera, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era. Ilazki Azaldegi teknikariak azaldu duenez, gipuzkoarrak dira orain arteko bisitari gehienak.
Zer duzue eskuartean Turismo Bulegoan udari begira?
Itxialdiaren ondoren martxa hartu dugu berriro. Denda irekita dago eta bisita gidatuen zerbitzua ematen hasi gara. Larunbat eta jaiegunetan izaten dira, 11:30ean herriko plazatik irtenda. Larraondo zerrategira joaten gara aurrena. Bertan funtzionamendua ikusi eta azaldu, eta Aizpeako meategira joaten gara ondoren. Aizpitako interpretazio zentroan meategiaren historiaren inguruko bideo bat ikusten dute bisitariek, eta ondoren burdin labeak eta polborin izeneko galeria ere bisitatzen dituzte.
Zer moduz bisita gidatuak? Eskaera handia al duzue?
Bai, arrakasta handia izan dute bisita gidatuek orain arte. Jendea mugitzeko gogoz dagoela ikusi dugu. Gehienbat Gipuzkoako jendea da; ingurukoa ikusteko gogoa badago eta mugimendu handia dabil.
Bestalde, koronabirusaren aurkako neurriengatik edukiera kopuru zehatz bat ezarri dugu.
Zenbat pertsonako taldeak izaten dituzue bisitetan?
Gehienez 20 inguru izaten dira, eta gero toki askotan sartzeko bi edo hiru taldetan banatzen gara. Adibidez, zerrategian, argia sortzen duen turbina ikusteko gela txikia da eta, beraz, talde txikitan sartzen dira bisitariak. Galeriara sartzeko ere berdin.
Aizpitako labeak berritzeko lanak martxan al daude?
Oraindik ez dira hasi. Udazken aldean hastekoak dira, eta udan bukatzea aurreikusi dute. Hiru labeetako bat oraindik beteta dago; hori hustu eta barrutik ikusteko aukera baloratuko dute, betiere arkitektoen arabera eta zaharberritzearen arabera.
Bisita gidatuak egitera datoz asko. Zeraingo herria ere bisitatzen al dute?
Hori beste aukera bat da, bai. Asteburuetan bisita gidatuak egiten ditugu, baina bulegoa zabalik dagoen ordutegian herriko puntu desberdinak bisitatu daitezke. Herri museoa ikusteko aukera dute, eta nahi duenari elizako ateak irekitzen dizkiogu bertan dagoen gurutze erro- manikoa eta bataiarria ikusteko.
Bolatokiari, kartzelari eta jauntxoen jauregiari buruzko informazioa ere ematen diegu. Etortzen denak Zeraingo herria ikus dezan ere saiatzen gara. Ez da meategia bakarrik, Zerainek askoz gehiago ere dauka.
Udarako erreserbarik baduzue dagoeneko?
Abuzturako ez da erreserbarik sartu oraingoz. Uztailerako bi asteburu ditugu: Donostiako talde bat eta Zaragozako bikote bat. Asko erreserbarik gabe etortzen dira zuzenean. 943 80 15 05 zenbakira deituta edo emailez egin daiteke erreserba.
Hariztierdi aterpetxeko zerbitzua noiz hasiko da?
Obratan dago, eta irailetik aurrera zabaltzea aurreikusi dute. Zeraingo Udalak Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena lortu du eta euskara barnetegia izango da astelehenetik ostegunera.