Legazpin antolatu dituzten aisialdi asteetan 84 haur arituko dira
Urteroko uda ikastarorik ezin denez egin, aurten aisialdi asteak prestatu ditu udaleko euskara zerbitzuak. Astelehenean hasiko da lehen astea, eta hilaren 24an amaitu hirugarrena. 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendutako euskaraz jolasteko astebeteko programak dira.
Aisialdian (ere) euskaraz! izenburuarekin, uztailaren 6an jarriko dituzte martxan Legazpin urteroko uda ikastaroen ordez aurten egingo dituzten aisialdi asteak. Hiru txandatan banatuta, LH1etik LH4ra bitarteko 84 ikasle arituko dira euskaraz jolastea helburu duten programa horietan.
COVID-19ak sortu duen osasun egoera dela eta, jende pilaketak saihestu behar direnez eta gaixotasunaren hedapena gelditzeko segurtasun distantzia bermatu behar denez, aurten ezinezkoa izan da Legazpin uda ikastaroa urteroko moduan antolatzea. Hala ere, familia eta lana uztartzeko egon daitezkeen zailtasunez jabetuta, 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat euskaraz jolasteko astebeteko programa antolatzea erabaki du udalak, euskara zerbitzuaren bitartez.
Aisialdi eskaintza berezi hori aste beteko hiru txandetan banatu da, eta LH1, LH2, LH3 eta LH4. mailako haurrei zuzendu zaie. Uztailaren 6tik 10eko txandarako, LH1eko bi talde osatu dira; 21 haur dira guztira, eta lau begirale izango dituzte. Uztailaren 13tik 17ra, beste bi talde ibiliko dira, LH2ko 21 haurrekin eta lau begiralerekin. Azkenik, uztailaren 20tik 24ra, LH3 eta LH4ko lau talde izango dira, 42 haur eta 8 begirale guztira. Aisialdi programa hauen elkargunea Azoka izango da, eta ordutegia 09:30etik 12:30era.
Neurri zorrotzak
Aisialdi programa hau beharrezko prebentzio eta segurtasun neurriak betez gauzatuko da. Horretarako, etengabea izango da gurasoekiko harremana, Whatsapp bidez edo posta elektroniko bidez.
Haurrek, bere aldetik, osasun egoera onean joan beharko dute egunero, etxean eskuak ondo garbituta eta maskara jantzita. Jardueran, distantzia soziala gordetzea ahalbidetuko dituzten ekintzak lehenetsiko dituzte, eta hori bermatu ezin denean, maskara jantziko dute haurrek. Sarreran, irteeran eta ekintza bakoitzaren hasieran eta bukaeran, gel hidroalkoholikoarekin garbituko dituzte guztiek eskuak.
Ekintzak aire librean izango dira, arrisku gutxiago dauden lekuetan, eta taldeak ez dira elkartuko, bakoitzak bere zirkuitua izango du.