Oskar Valbuena (PSE-EE): «Lehendakaritza lortzeko ez dago lehen indarra izan beharrik»
Beste behin, sozialisten Gipuzkoako zerrendan doa Oskar Valbuena (Legazpi, 1978). Alderdia hauteskundeetatik indartuta aterako dela uste du, eta Idoia Mendia lehendakaritzan ikusten du.
Noiz eta zergatik aukeratu zenuen alderdi sozialista?
Betidanik izan naiz alderdi sozialistaren jarraitzaile, baina 2010ean erabaki nuen gerturatzea. Berdintasuna, askatasuna edo justizia soziala bezalako balioak partekatzen nituen sozialistekin eta gainera, Patxi Lopezen garaia zen hura, eta ilusionatuta nengoen.
Herri mailan hasi zinen lanean.
Bai. Legazpiko alderdiaren barne organoetara jo nuen eta herrirako proposamen batzuk egin nituen, ekonomiaren aldetik, enplegua sustatzeko, gizarte zerbitzuen alorrean, auzoak berritzeko… eta ondo hartu zituzten eta aurrera egin nuen. 2011ko udal hauteskundeetarako zerrendan joatea eskatu zidaten, zerrenda buru bezala gainera. Orduan oraindik militantea besterik ez nintzen, independentea; handik urte betera afiliatu nintzen.
Zer nolako garaiak ziren haiek?
Erabaki zailak hartu behar izan nituen. Publikoki aurkeztu behar nuen neure burua alderdi sozialistako kide bezala, eta Legazpiko taldearen lidergoa hartuta. Gainera, garai haietan ETA oraindik indarrean zegoen eta eskolta jarri behar zidaten… Sei hilabetez eraman nuen azkenik bizkarzaina, eta hura gogorra izan zen, aldaketa handia ekarri zidalako familia eta lagun artean…
Oraingoa hirugarren agintaldia duzu Legazpiko Udalean.
Bai, eta esperientzia positiboa dela esan behar dut. Hori bai, denbora asko eskatzen du zinegotzi izateak, bilera asko egiten dira, txosten asko irakurri behar dira, erabaki asko hartu… plenoan ikusten gaituzte eskua altxatuta botoa ematen eta diskurtso txiki bat botatzen, baina hori lan guztiaren zati bat besterik ez da. Alderdiaren barruan ere bilera asko egiten dira, gaiak aztertzeko edo estrategiak markatzeko. Eta kalean ere egon behar da, herritarren kezkak eta ezagutzeko.
Orain, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Gipuzkoako zerrendan zaude.
Bai, baino ez da lehen aldia. Gure alderdian udal mailan egiten den lana baloratzen da, baita esperientzia ere. Goierritik, Zumarragako Nerea Errasti eta biok gaude zerrendan.
Zer eskatzen dizu hautagaien zerrendan egoteak?
Tokiko komunikabideekin harremanetan egotea, eta kanpaina barruan egiten diren ekitaldietan parte hartzea. Joan den astean kanpaina hasierako ekitaldian egon ginen, Donostian; Pedro Sanchezekin ere egon ginen, Donostian baita ere… Eta astean izango dira gehiago. Bihar, adibidez, Atzerri gaietako ministroarekin egongo gara, Tolosako Arantxa Gonzalez Layarekin, eta igandean Salvador Illa Osasun ministroa dator.
Kanpaina indartsua da.
Bai, baina aurten, segurtasuna bermatu behar dela eta, ezingo dugu egin gure ikur den larrosen banaketa. Pena da, ekintza horren helburua jendeari alaitasuna helaraztea delako, eta herritarrekin kontaktua izatea, proposamenak eta jasotzeko. Horrega- tik, komunikabideetan eta sare sozialetan indar gehiago jarri dugu aurten.
Zeintzuk dira alderdi sozialistaren programaren ildo nagusiak?
Hurrengo legealdirako bi erronka nagusi ditugu. Batetik, COVID-19aren ondorioei aurre egin behar diogu. Eta bestetik, trantsizio berdea, ekonomikoa eta soziala bideratu behar dugu.
Horiek, Eusko Jaurlaritzak garatu beharreko politika orokorrak lirateke guretako, baina ez da ahaztu behar udalerrien mailan ere eragina izango luketela. Legazpin, esaterako, hiru esparru landu beharko lituzke jaurlaritzak: Sidenor ingurua industria aldetik garatzea, Bellotako pentsio zaharra gizarte zerbitzuetarako bideratzea, eta lurraldetasunari dagokion garapena lantzea.
Politika orokorretara itzuliz, zeintzuk dira bi erronka horiek betetzeko proposatzen dituzuen lan ildo zehatzak?
Arlo askotarako proposamenak ditugu. Lehenik, osasunaren eta gizarte zerbitzuen alorrak sistema integral batean elkartu behar direla uste dugu, eta langilegoa handitu, Osakidetza indartu eta feminizatutako sektore horri bultzada eman behar zaiola ere ikusten dugu.
Kultura aldetik, bestetik, neurriak eta politikak behar dira sektore horrek jasan dituen ondorioei aurre egiteko. Eta hezkuntzari dagokionez, erronka han- dia dago ikastetxeak eta beste zentroak egoera berrira egokitzeko, eta horregatik, ikastetxe digitala bultzatzea ezinbestekoa izango da, beharrezko baliabideak jarrita.
Ekonomiari arreta berezia jarri diozue.
Bai, noski. Eta ekonomiari bultzada eman nahi bazaio, murrizketak alboratu eta renove planak bezalakoak martxan jarri beharko dira, etxebizitzak berri- tzeko adibidez, edo autoak erosteko. Eta autoak aipatuta, automozioaren sektorea bereziki zaindu beharko da, Euskadin pisu handia duelako. Merkataritzak eta turismoak ere indar handia dute gure erkidegoan, eta horiek tokiko ekonomia garatzeko ezinbestekoak izango dira.
Enplegu aldetik, berriz, oinarriak estatuko gobernuak finkatzen baditu ere, Euskaditik osagarriak sortu daitezke ABEE-ak osatzeko, edo enpresei likidezia eman, bere jardunarekin aurrera jarraitu ahal izan dezaten. Orokorrean, enplegu plan gehiago garatu beharko dira.
Hemen sartzen dira baita ere azpiegitura handiak, Euskadiri lehiakortasuna emateko beharrezkoak direnak. Abiadura handiko trena eta portuak oso garrantzitsuak izango dira Europari begira jarrita.
Eskubideek ere toki nabarmena dute zuen programan.
Bai, eta lehenengoen artean, etxebizitzarako eskubidea jarri dugu. Berdintasuna, gazteen emantzipazioa, pentsio baxuentzako osagarriak eta LGTBI kolektiboa ere eskubideen atal honetan sartu ditugu.
Autogobernuari ere egiten diozue erreferentzia.
Euskadin autogobernua garatzen ari da, estatutua ia osatuta dago, baina oraindik geratzen dira garatu beharreko konpetentziak, eta horien transferentzian lan egingo dugu.
Zein emaitza espero duzue?
Gure helburua da hauteskundeetatik indartuta ateratzea, eta Idoia Mendia lehendakari izatea; lehenengo emakume lehendakaria izango litzateke horrela. Emaitzen arabera etorriko diren akordioak ikusi behar; izan ere, lehendakaritza lortzeko lehen indarra izatea derrigorrezkoa ez dela badakigu.
Nork eman behar dio botoa alderdi sozialistari?
Gu progresista moderatuak, feministak eta langile klasea gara, eta gurea alternatiba ezkertiar posibilista bakarra da, gobernua osatzeko giltzarria izango gara.