Ibai Iriarte (EH Bildu), Zerainen: "Gipuzkoan lehenengo indarra izatea Gasteizerako bidean urratsa egitea da"
Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan, ekitaldia egin du EH Bilduk Zerainen. Gipuzkoako hautagaitzako 6.a, Ibai Iriarte izan da hizlaria. Abstentzio altuko hauteskundeak iguriki ditu, "eta botoa mugitzen dutenek emaitzak onak izango dituzte".

Hauteskunde giroko ekitaldia egin du EH Bilduk gaur eguerdian Zerainen. Kanpainako bigarren asteburuan, plazan elkartu ditu koalizioak zeraindar eta inguruko herrietako zaletu multzo bat. Ibai Iriarte zerrendakideak azaldu ditu hauteskunde hauen testuingurua eta EH Bilduren indarguneak. Gipuzkoako zerrendan 6. postuan doa Tolosako alkate izandakoa (2011-2015).
Koronabirusagatiko ‘urruntze sozial’ terminoa ez duela gogoko esanez hasi da. “Sozialki inoiz baino batuago egoteko garaia da. Distantziamenduak fisikoa soilik izan behar du, 1,5 metro horiek”. Jaurlaritzak egindako krisiaren kudeaketa kritikatu du: “Pandemia bera krudela izan da, eta krudelagoa kudeaketa”. Agintariek “despotismoz, bertikalitatez, izaera grisez eta harrokeriaz” jokatu dutela deitoratu du.

EH Bilduko Ibai Iriarteren mitina entzuten, Zeraingo plazan, gaur. /Aimar Maiz
EAJren norabideari heldu dio, ondoren. “Urkulluren nazioa EAEra mugatu da. Arabaren erdian dagoen Trebiñuko hutsunea ere arazorik gabe asimilatu du. Nazio ikuspegitik, Espainiako erregionalismo folkloriko hutsal bat eskaintzen digu PNVk. Euskal Herria ez da existitzen beraientzat; are gehiago, arazo bat da. Euskal Herriaren ikuspegia dugun besteok arerioak gara. Kritikak entzuteko ere zailtasunak dituzte, erasotzat hartzen dute”.
EAEren inguruko mugak irekitzeko, Kantabria lehenetsi izana kritikatu dio Urkulluri Ibai Iriartek, Nafarroan eta Lapurdiren aurretik.

Ibai Iriarte hautagaia eta Amaia Junquera alkatea./A. Maiz
Bestetik, langileriaren erasanei ere aipamena egin die: “Langileak arriskuan jarri ditu Administrazioak, auzitegiek esan dutenez. Hori da gaur egungo Eusko Jaurlaritza. Bestelako gobernariak behar ditugu, zuri-beltzeko mundutik kanpo, bestelako kolore, ilusio eta gogo bat dutenak. Alternatiba bakarra EH Bildu da. Zeren Mendia eta Urkullu gauza bera dira”.
EH Bilduren papera bozetan
Gipuzkoan “lehenengo indarra” izan behar duela EH Bilduk gaineratu du Iriartek. “Benetako aukera da, erreala da. Gasteizerako bidean urratsa da. Gure esku dago egitea, ekitea eta eragitea”. Horretarako, eskualde guztietan alderdi bozkatuena izateko bokazioa agertu du. “[Gobernuan egon direnak] urduri daude, ez daukatelako eskaintzeko ezer. Inertziaz bizi dira, iragana soilik dute. Guk, sinistu eta eragin egin behar dugu. Zuetako bakoitzak beste jarraitzaile bat lortzea da erronka”.
Uztailaren 12an, garaiaren ezohikotasuna dela eta, abstentzio altua izango dela aurreratu du Ibai Iriartek. “Bozka mobilizatzen dutenek emaitzak onak izango dituzte, horregatik. Herri hau martxan dago”. Horren adibidetzat, osasun larrialdi egoeran sortu diren zaintza sareak aipatu ditu. “Krisi honetatik ez gara aterako eta ezingo gara atera betiko errezetekin. Gehien daukatenek, gehiago eman behar dute. Bankuek oraindik ez dituzte itzuli milioika euroak. Kontuan hartu behar dugu Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituela bildutako 100 eurotik 70”.

Hariztierdi aterpetxearen aurrean, herriko proiektuak aurkezten. /A. Maiz
2008ko krisi finantzarioaren ondorengo neurriak “ezin errepikatu” direla gehitu du. “Zementua, porlana, zerbitzu publikoetan murrizketak eta pribatizazioak, Thatcherren politika liberalak aplikatuko dituzte berriro”.
Lehengo igandean Ipar Euskal Herrian ezker abertzaleak herrietako bozetan lorturiko emaitza onen “poza” erakutsi du, azkenik. “Geuk ere eman diezaiegun Nafarroako eta Iparraldeko herritarrei poz bera uztailaren 12an, herri hau martxan dagoela erakusteko, iparretik hegora, mendebaletik ekitaldera”.
Amaia Junquera Zeraingo alkateak lagunduta, herrian martxan edo abian dituzten hainbat proiektu ikustera joan dira, ondoren. Hariztierdi aterpetxearen aurrean geldialdia egin, eta beheraxeago eraikitzen ari diren etxebizitzak ikusi dituzte.