Ordizian koronabirus kasu bat baieztatu dute, bi egunean Goierrin bigarrena
Covid-19 birusak kutsatutako lagun bat atzeman dute Ordizian, Osakidetzan bart gauerdian zabaldutako datuen arabera.

Koronabirusaren alarma egoera bukatu ondoren, Goierriko bigarren kasu positiboa Ordizian baieztatu da. Osakidetzak atzoko datuak zabaldu ditu, eta bi egunean bigarren aldiz, Goierriko kasu bat agertzen da zerrendan. Ordizian atzeman dute Covid-19arekin kutsatutako kasua. Duela bi egun, Urretxun atera zen aldi berriko lehen positiboa.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo 15 kasu gehiago zenbatu zituzten. Uztaila hasi denetik, hiru egunean 31 kasu gehiago daude. Maiatzaren 31n lortu zen positiborik gabeko lehenengo eguna izatea, martxoaren lehenaz geroztik. Harrezkero, baina, ekainean zehar egunero azaldu dira koronabirusa duten kutsatuen kasuak; orain arteko gehien, ekainaren 12an, 21 kasurekin.
Oinarrizko birsorkuntza tasa 1etik gora kokatu da, azken egunetan. EAEn, 1,09 da. Adituek, izurritea ez zabaltzeko tasaren sabaia 1ean jarri ohi dute.
Ordizian, atzoko positiboa batuta, denera 81 lagunek izan dute edo daukate koronabirusa, ofizialki. Urretxun, asteazkenekoa gehituta, 23k izan dute. Osakidetzaren datuen arabera, hauek dira Goierriko herrietako kutsatu kopurua eta hildakoak:
Herria | Positiboak | Hildakoak | Hilkortasun tasa |
Altzaga | 1 | 0 | |
Arama | 2 | 0 | |
Ataun | 5 | 0 | |
Beasain | 57 | 6 | 10,5 |
Ezkio eta Itsaso | 1 | 0 | |
Idiazabal | 5 | 0 | |
Itsasondo | 2 | 0 | |
Lazkao | 17 | 0 | |
Legazpi | 28 | 1 | 3,6 |
Legorreta | 7 | 1 | 14,3 |
Mutiloa | 3 | 0 | |
Olaberria | 1 | 0 | |
Ordizia | 81 | 24 | 29,62 |
Ormaiztegi | 2 | 0 | |
Segura | 3 | 0 | |
Urretxu | 23 | 1 | 4,34 |
Zaldibia | 4 | 1 | 25,0 |
Zegama | 6 | 0 | |
Zumarraga | 82 | 15 | 18,3 |

Ordiziako kalea. /Ariane Vierbücher
Uztailaren 4ko buletina (PDF)