Arrano Etxean sendatutako zapelatzak hegan berriz ere
Sendatutako zapelatzak nola askatzen diren ikusi ahal izateko txangoa antolatu du Lizarraustiko parketxeak. Hasteko, natura-parkearen magalean, zapelatzaren inguruko xehetasun guztiak azaldu dituzte Rober Hurtado eta Juanra Alonso basozainek. Jarraian, talde osoa irekigune batera igo da eta bi aleak askatu dituzte.
Hegaztiak Igeldon kokatzen den Arrano Etxea errekuperazio zentrotik berreskuratu dituzte. Mendian barrena jasotako hegazti ahulak, gaixoak edo kolpatutakoak bertara eramaten dituzte senda daitezen. Basozainak hartzen dute hegaztiak Arrano Etxera eramateko ardura. Dagokion zaintza eman eta gero, haien habitatera gerturatu eta askatzen dituzte. Berriz ere hegan egiten utzi baino lehen, norantz joko duten ikusteko pare bat minutuz eusten zaie.