Positibo kasuen ustezko berragertzea Ordizian
Gutxienez zazpi positibo egon direla iragarri dute EiTBn. Ekainaren 27tik bertan egon direnak PCR testa egin dezaten zabaldu du Osasun Sailak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aditzera eman duenez, Ordizian Covid-19 kasu positiboen ustezko berragertzea atzeman da. Hain zuzen ere, positiboen fokua Etxezarreta kalean egon liteke, herriko tabernak pilatzen diren gunean.
EiTBk jakitera eman duenez, taberna bateko langile batek positibo eman ostean izan dute berragertze honen berri. Gutxienez zazpi positibo egon direla iragarri du telebista publikoak. Antza denez, lotura epidemiologiko posiblea identifikatu dute positibo berrien artean. Azken egunetako gaixo berriak Etxezarreta kaleko tabernetariko batean egon direla aitortu dute. Hori dela eta, ekainaren 27tik bertan egon direnak PCR testa egin dezaten zabaldu du Osasun Sailak. Ordiziako Osasun Zentrora deitu beharko dute ekainaren 27tik aurrera bertan egon direnek. Aurretiko hitzordua lortzeko, goizeko 8:00tik aurrera deitu ahal izango da hurrengo telefonora: 943 007 635. Ordizian bizi ez direnak baina aipatutako datan bertan egon direnak Osasun Aholkura deitu beharko dute: 900 20 30 50.
Aldi berean, Osasun Sailak lasai egoteko mezua zabaldu du, azpimarratuz neurri guzti horiek prebentziozkoak direla. Adur Ezenarro alkateak, bestalde, tabernak badaezpada itxi dituztela esan du.