Aldundiak Goierriko hiru eguneko zentro itxi ditu, prebentzio modura
Ordizia, Beasain eta Lazkaoko eguneko zentroak ixtea erabaki du aldundiak. Arangoiti, Txindoki, San Juan, Argixao eta Santikutz egoitzetan irteerak mugatu dituzte.

Ordizian agertutako koronabirus kasuen ondotik, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat prebentzio neurri hartzea erabaki du, eguneko zentroei eta adinekoen egoitzei dagokionean. Batetik, Arangoiti (Beasain), Txindoki (Lazkao), San Juan (Segura), Argixao (Zumarraga) eta Santikutz (Legazpi) egoitzetan, erabiltzaileen irteerak mugatu egin dituzte. Arangoitiren eta Txindokiren kasuan, bisitak ere debekatu egin dituzte, zazpi egunez. Ordiziako San Jose egoitza itxita dagoela gogorarazi dute, obrak egiten ari baitira bertan. Hango erabiltzaileak, Beasain, Lazkao, Zumarraga eta Tolosako zentroetara bideratu zituzten.
Bestetik, Beasain, Ordizia eta Lazkaoko eguneko zentroak ixtea erabaki dute. Neurri horiek, “erabiltzaileen eta langileen ongizatea” bermatzeko hartu dituztela azaldu du aldundiak. Maite Peña Gizarte Politiketarako Diputatua Goierriko egoitzetako arduradunekin bildu da gaur, Covid-19 kasuen berragerpena dela eta hartu beharreko neurriak aztertzeko. Aldundiak neurri horiek areagotzeko asmoa agertu du.