'Bide berdetik mahaira' ibilaldia eta tailer gastronomikoa egingo dituzte larunbatean
Clara Gutierrez, biologo eta etnobotanikan adituak gidatuta, Mutiloa-Ormaiztegi bide berdean ibilaldia egingo dute, eta han aurkitutako landareekin platerak prestatuko dituzte. Saioa doakoa da baina izena eman behar da.
Zumalakarregi museoak antolatuta, Bide berdetik mahaira egitasmoaren edizio berri bat egingo dute, larunbat honetan. Clara Gutierrez biologo eta etnobotanikan adituak gidatuta, Mutiloa-Ormaiztegi bide berdean ibilaldia egingo dute aurrena. Bidean zehar aurkitutako landareekin, tailer gastronomikoa egingo dute gero, plater ezberdinak prestatuz. Ibilaldia 09:30an hasiko da, Lierniako aparkalekutik, eta 5 kilometroko bide zatia egingo dute, Barnaola eta Troiko bidera joan eta etorri.
Ondoren, Mutiloan elkartu eta tailer gastronomikoa egingo dute, dastaketa eta guzti. Itzulera 15:30ak alderako aurreikusi dute. Saioa doakoa izango da, baina aurrez eman behar da izena, 943 88 99 00 telefono zenbakira deituta edo mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidera mezu bat bidalita.