Ilara luzeak Ordiziako anbulategian PCR testak egiteko
Zazpi koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Ordizian eta, ondorioz, Etxezarreta kaleko lau taberna itxi dituzte, horietako batean izan baita fokua.
Ordizian zazpi covid-19 kasu positibo atzeman dituzte, eta Etxezarreta kaleko lau taberna itxi dituzte ondorioz, fokua horietako batean egon daitekeelakoan. Osasun Sailaren txostenean, baina, hiru kasu besterik ez dituzte aipatu. Herritarrei Etxezarreta kaleko Sarrin, Hakan, Miamin edo Kebabean egon badira PCR testak egiteko eskatu zaie. Barrena parkeko miradorean ezarritako karpetan egingo dituzte testak.
Goizean Etxezarreta kalea jendez lepo egon da, anbulategira sartu eta hitzordua eskatzeko zain. Ekainaren 27tik aurrera Etxezarreta kaleko tabernaren batean egon direnei osasun zentrora deitu eta hitzordua hartzeko eskatu zaie, baina telefonoak gainezka egin duenez anbulategian eskatu dute ordua hainbat herritarrek, ilara luzeak sortuta. Ordiziako Udalak jakinarazi duenaren arabera, 500-700 PCR test inguru egingo dituzte gaur. Harreman zuzena izan dutenei etxean geratzeko eskatu die Osasun Sailak emaitza jakin arte. Positibo ala negatibo emanda ere, bigarren proba egin arte etxean geratu behar dute.
Bestalde, Ordizian gaur hastekoak ziren udalekuak bertan behera utzi dituzte.