Ordiziako EH Bilduk bertan behera utzi ditu hauteskunde kanpainako ekitaldiak
Ordizian atzeman diren Koronabirus kasuak direla eta, asteazkenean, Ordiziako Plaza Nagusian egitekoak ziren ekitaldia bertan behera uztea erabaki dute, "arduraz jokatzeko unea" delako. Ordiziako EH Bilduk, kezka eta ardura erakutsi ditu, "egoera honek izan ditzakeen ondorioengatik"
Azken orduetan Ordizian agertu diren Covid-19aren positibo kasuak direla eta, Ordiziako EH Bilduk kanpaina ekitaldiak bertan behera uztea erabaki du. Asteazkena, hilak 8, Ordiziako Plaza Nagusian egitekoak ziren ekitaldia, beraz, ez dute egingo. Ordiziako EH Bilduk, kezka eta ardura erakutsi ditu, “egoera honek izan ditzakeen ondorioengatik”. Gauzak horrela, EH Bilduko alkatea Adur Ezenarro eta udal talde osoa “buru belarri ari dira lanean, osasungintzako aditu eta langileekin lanean, herrian ager litezkeen positiboak identifikatzeko eta balizko fokua kontrolatzeko”, baita “neurri zorrotzak hartzeko, kutsatze foku izan litezkeenak ixteko, behar diren PCR proba guztiak egin daitezen bermatzeko eta balizko fokoa kontrolatzeko”.
Ordiziako EH Bilduk nabarmendu duenez, “pertsona erdigunean jartzea izan da eta da pandemia hasi zenetik gure helburu bakarra”. Ardura horrek eraman ditu “kanpainako ekitaldiak bertan behera uztera” .
Herritarrei eskatu diete, “momentuko kezkaz eta larritasunaz haratago, perspektiba izan dezaten eta arduraz joka dezaten, osasunaren arloan bezalaxe, maila sozialean eta baita politikoan ere”.
EHBilduk askotan esan du bizitza dela lehena, bizitza duinak jarri behar direla erdigunean: “Halaxe esan dugu, eta halaxe ari gara egiten ardurak ditugun toki guztietan. Arduraz jokatzeak eta herritarron bizitza duinak lehenesteak eramaten gaitu, halaber, kritiko izatera COVID-19 delakoak eragindako krisiaz Udalaz gaindi egin den kudeaketarekin, eta baita ere kritikoak urte luzeetan bideratu diren gizarte politikekin eta murrizketekin, besteak beste”.
Kritikoak bai, baina “propositiboak”. Horregatik, egoerari “lehenbailehen” erantzuteko, “proposamen zehatzak” dituztela. EH Bildutik argi dauka, “zerbitzu publiko indartsu gabe ezin izango diogu aurre egin egoera berri honi: hezkuntza indartu behar dugu, gaur eguneko baliabideak ez direlako nahikoak egoera berri honi erantzuteko; osasun sistema publikoan inbertsio handiagoa egin behar da, pandemiak berriro joko badu prestatu gabe egongo garelako; zaintza eredu berri batera joateko beharra dagoela ere erakutsi digu krisi honek; kalitatezko enplegua sortzeko eta gure ekonomia produktiboa berrasmatzeko itun zabalak beharko ditugula argi daukagu eta hori bilatuko dugu; jasangarria izango den herri eta mundu bat sortzera ere joan beharko dugu”.
Bukatzeko, errepikatu dute “arduraz jokatzeko garaia” dela, eta hori da behin eta berriz ordiziarrei eskatu dietena, “ahal den neurrian, ezarritako osasun protokoloak betetzea”. Neurriak betetzeak, “etorkizunean nahi dugun herria eraikitzen lagunduko digu”, azken batean, “pertsonaren duintasuna defendatuko duen herria, zerbitzu publikoetan murrizketarik izango ez duena, hezkuntza eta osasun zerbitzu duinak eta indartsuak osatuko dituena, finean, herri bilatzen dugun herri justuagoa, kohesionatuagoa eta ekitatiboagoa.